Naia Ulibarrik egin du aurtengo Portu Zaharreko jaietako kartela

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko uzt. 19a, 12:40

Iragarri bezala, ostegun arratsaldean Algortako Portu Zaharreko jaietako kartel lehiaketaren sariak banatu zituzten, aurtengo ospakizunetako irudia zein izango den ezagutaraziz. Guztira, 26 afixa izan dira lehiaketan eta irabazlea Naia Ulibarri algortarra izan da, "Zikindu zaitez jaixetan" izenburua daraman kartel landua eta originalari esker. Horixe izango da beraz 2011ko Portu Zaharreko Jaiak 2011 iragarriko dituen spota. Egileak 350 euroko diru saria eraman du. Ohi bezala, jai batzordeak aurtengo kartelaren irudia daramaten adin guztietako neska, mutil, emakume eta gizonentzako kamisetak egingo ditu. Egin bezain pronto salgai jarriko dira eta Portu Zaharrean bertan eskuratu ahal izango dira. Bigarren saria eta 150 euro, Berangoko Ander Basagurenek eraman ditu, "Jaiatik bidaiatzen" euskarri horizontalean aurkeztutako irudi koloretsuagatik . Argazkia: © Algortako Portu Zaharreko Jai Batzordea.

Bi sari horiez gain, bina pertsonentzako bi otordu zozketatu ziren lehiaketan parte hartu dutenen artean eta sari horiek Olatz Otalorak eta Endika Basagurenek eraman dituzte. Azkenik, Portu Zaharra tabernan 6 kartel erakutsiko dira datorren astetik aurrera. Bi saridunez gain, erakusketa honetan ondoko hauek ere egongo dira: Borja Lopez de Guereñuren "Bajada de cuadrillas", Endika Basagurenen "Portu's Love", Xabier Lasaren "Badator" eta Liher Landetaren "Portu Zaharreko lamia".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun