Getxo Kirolak erakundeak mediku-azterketak egiteko zerbitzu berria jarri du martxan Algortako Fadura kiroldegian. Horrekin, aipatu erakundeak txekeo espezializatuak egingo dizkie egoera fisikoa nolakoa duten jakin nahi duten kirolariei. Horrez gain, gustuko kirolaren inguruko aholkularitza ere jasotzeko aukera emango du, hura zein intentsitatearekin praktikatu behar duten ere adieraziz. Zerbitzu hori, bereziki, honakoei zuzenduta egongo da: kirol-jardueretan parte hartzen duten bazkideei, federazioaren lizentzia lortzeko gaitasun-proba bat behar duten kirolariei eta, oro har, norberaren osasun-egoera ezagutu, ariketa fisikoa egitean organismoak nola erantzuten duen eta zein jarduera komenigarriena den jakin nahi duten pertsonei. Momentuz, zerbitzu berria astelehenetik ostiralera eskainiko dute, 16:00etatik 20:00etara. Interesatuek erreserba egin beharko dute 944 308 070 zein 944 045 151 telefono zenbakietara deituz edota makina automatikoetan Instalazioen Erreserbak izeneko atalean. Argazkian, kirolari bat mediku-azterketa batean / © Getxoko Udala.