Anaien arteko borroka izan zen, arreben eta ahizpen artekoa, familiak zatitu zituen borroka beldurgarria. Herriak herrien kontra, ideologiak ideologien kontra, bata bestearen aurka, zergatik egiten zuten hura ez zekiela. Eta denak desagertu direnean, orduko hilak eta kolpatuak, edo urteen azken orenak hilobiratuak, herriak erraustu eta berriz ere biztanle berriekin bizitza hartu dutenean, orduan ere..., orduan ere aski lan: agintean dauden sozialistek ez dute adore nahiko izan hezurrak bide bazterretatik laguntzen biltzeko eta haien ondoko familiei entregatzeko, bake pixka bat izan dezaten denek. Sozialistek ez dute indarrik izan popularrak, bere gordinkeria guztiarekin, gainean dituztelako, ezetz, horrek berriz ere oroimen txarrak ekarriko omen dituelakoan: ez ditzagun kontuak harrotu, gerraren mamua itzuliko baitzaigu berriz ere. Aurretik kendu dituzte horrela hezurren bila ibili direnak, eta laguntza ematen saiatu diren epaileak. Bakearen eta kulpaz betetako oroimen isilarazien artean, hobe bigarrena, haien ustez, hobe bigarrena, bihotzari tokirik uzten ez bazaio ere. Baina odola behin eta berriz ari da indarka, borborka, gainera atera nahian, bizitza berria bere baitarik baletorkioke bezala. Ezin dira gehiegikeria horiek ahaztu. Gizarteak ezin du inoiz ere holakorik ahaztu.
Gizartea hola desegiten denean, antigorputzak sortzen dira gure inguruan: batzuek atzendu nahi dute kontua, urratu bistatik ezabatu ezin dena; beste batzuek historia beren gisara idatzi nahi dute, berridatzi gertatutako guztia, beste irakurketa bat eginez, gertatutakoa beste era batera moldatuz eta kontatuz. Erreakzio hori gertatu zen gerra ondoren, eta gauza bera bigarren munduko gerraren ondoren. Beldur naiz, ordea, hortik denek ikasi beharko dugun. Zeren orain ere bai baitirudi, Euskal Herrian bizi dugun egoera berri honetan, batzuek ahanztura ekarri nahi digutela. Hemengo sufrimendua atzendu nahi dutela, holakorik inoiz gertatu ez balitz bezala, eta gertatu zaigun gordinkeria beste modu batera kontatu nahi balute bezala. Baina odolak beti uzten du arrastoa, ez du joan nahi. Eta ez da joango.
Pello Salaburu EHUko errektore ohiak "Deia" egunkarian gaur argitaratutako artikulua