Berangoko Bildu: "PNVk bat egin du PPrekin Bilduren ordezkaria lapurtzeko Uribe Kostako Mankomunitatean. Zeren truke?"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko uzt. 20a, 14:13

Lotsagarria. Ez dago beste izenondorik. Berangoko PNVk bere esku dituen bitartekoak jarriko ditu maiatzaren 22an berangoztarrek Bilduri emandako ordezkaritzari trabak jartzeko. Eta horretarako, espainiar eskuinarekin paktua egiteko prest dago. Horren adibiderik argiena uztailaren 28ko udalbatzan bozkatuko den Uribe Kostako Mankomunitatearen ordezkaritzan dago. Berangok hiru ordezkari ditu Mankomunitatean. Hauteskundeetako emaitzak kontuan hartuta, hiru ordezkaritik bi PNVkoak izan beharko lirateke, eta bestea Bildurena. Baina PNVk bestelako bidelagunak nahiago ditu. Dirudienez, PNVk PPrekin ezaugarri amankomun gehiago ditu ezker independentistarekin baino, eta horregatik, PPrekin akordioa lortu du Bilduri auzokideek emandako ordezkaritza lapurtzeko. Anabel Landaren taldeari esker, PPk ordezkari bat izango du Mankomunitatean, eskualdeko bakarra, auzokideek hala bozkatu ez duten arren. Argazkian, herritarrak Bilduk Berangoko frontoian egindako hauteskunde ekitaldian / cc-by-sa Berangoko Bildu.

Eta zeren truke? Zer irabazten du PNVk PPrekin eskutik helduta? Trukean zer edo zer lortu nahi duelako egin ote du PNVk bere eskaintza? Zer ordaindu beharko dugu berangoztarrok paktu hau dela eta? Erantzuna, seguruenik, hurrengo asteetan jasoko dugu… Gardentasuna eta berangoztarren borondateari errespetua! 28an denok plenora!

D´hondt Legea hauteskundeetako emaitzetan aplikatuko bagenu, Berangoko ordezkaritza horrela izan beharko litzateke: PNVk 2 eta Bilduk 1.

Bilduk Berangoko alderdi politiko guztien ordezkaritza proportzionala bermatuko duen formula demokratikoagoa proposatzen du: PNVk 1, Bilduk 1 eta PP/PSE/EBk 1.

Baina PNV bi formulen aurka agertu da, eta PPrekin lortu duen akordioari esker, horrela izango da: PNVk 2 eta PP1.

Herriaren hitza errespetatu! 28an, 19:00etan, denok udal batzarrera!

Berangoko Bildu
http://bildu.info/berango
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun