Larunbatera arte dago Algortako San Inazioetako Koadrila Eguneko herri bazkarirako txartelak eskuratzeko aukera

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko uzt. 21a, 11:26

Urte osoa lanean eman ostean, 2011ko Algortako San Inazio jaietako egitaraua prest dauka jada tokiko batzordeak. Uztailaren 28tik abuztuaren 1era izango dira ospakizunak, Aurten, berrikuntzekin datoz gainera. Batetik, herritarren parte-hartzea sustatzea dute erronka nagusia. Bide horretan, koadrila txapelketako proba guztiak irekiak izango dira, hau da, lehiaketan izena eman barik ere parte hartu ahal izango dute nahi duten guztiek. Hori bai, koadrila txapelketa jokatu gura duten lagun taldeek aurretik izena eman beharko dute eta proba guztietara aurkeztu, jai batzordeak zehaztu duenez. Gainera, aurten lehendabizikoz, halabeharrez egin beharko dituzte hilaren 29ko goitibehera jaitsiera eta 30eko Jaitsiera Tradizionala. Bestalde, belaunaldien arteko harremana sustatu nahian, "atzo, gaur eta biharko koadrilak" batu nahi dituzte uztailaren 30ean izango den Koadrila Eguneko herri bazkarian. Arratsaldeko ordu bietatik aurrera paella-jan erraldoia egingo dute Algortako Telletxe plazan. Bazkarirako txartelak salgai daude, 7 eurotan, ondoko tokietan: Kantxa Kirol Moda, Eztabaida gune antiautoritarioa, Sustrai taberna, eta Baserri taberna. Lehenengo bietan larunbat goizera arte egongo da horiek eskuratzeko aukera eta azken bietan larunbat arratsaldera arte. Argazkian, ikurrinari omenaldia eginez hasiko dira Algortako San Inazioak / cc-by Algortako San Inazioak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun