Getxoko Udaltzaingoak Bilbon bizilekua duen 43 urteko emakume bat atxilotu zuen atzo. Beraren kontra EAEko hiru hiriburuetako epaitegien aginduak zeuden eta 2010eko urriaz geroztik, baimen baten ostean, ez zen Langraizko espetxera itzuli, udal iturriek zehaztu dutenez. Badirudi, ordutik hona identitate faltsu bat erabili duela eta edozein izapide instituzional edo polizialetarako ematen zuela hori. Gaur epailearen esku geratuko da eta kartzelara itzuliko da. Algortako Etorbidetik saltokiak zaintzeko oinezko ohiko patruila egiten ari ziren udaltzainek ikusi zuten "itxura narrasarekin" eta poltsa beltz handiarekin "arin eta era susmagarrian" zebilen emakumea. Koordinazio Gunea inguruko supermerkatu batekin harremanetan jarri ondoren, emakumezkoak horretan segundo batzuez egon eta ezer erosi gabe arineketan alde egin zuela konfirmatu zuten poliziek, udal iturrien arabera, eta horrek susmoak piztu ei zituen.