Paella Egunarekin emango diote hasiera jai potoloen maratoiari Getxon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko uzt. 21a, 14:54

Milaka pertsona batuko dira hurrengo egunotan Getxo udalerrian jai desberdinetan parte hartu ahal izateko. Ospakizun handienetako lehena igandean, uztailaren 24ean, izango da Aixerrotan, ohiko Paella Lehiaketaren 56. edizioarekin. Nazioarteko txapelketaren ostean, Algortako San Inazio jaiak helduko dira, uztailaren 28tik abuztuaren 1era arte; Itzubaltzeta / Romo eta Pinuetako festak abuztuaren 3tik 7ra ospatuko dira (abuztuaren 2an ere, Aingeruen Ama Birjina egunerako jarduera batzuk aurreikusita baitaude) eta Algortako Portu Zaharreko jaiak abuztuaren 12tik 15era izango dira. Paella Egunari dagokionez, parte hartzaileek 10:30etatik aurrera izango dute lehiaketan izena emateko aukera. Paellen aurkezpena, berriz, 13:30etik 14:30era egin beharko da. Azkenik, 17:30ean izango da sari banaketa. Bitartean, egongo da zertaz gozatu: Itxas Argia dantza taldeko txikien erakustaldia (12:00); bertsoak toldoz toldo (13:00), Ekaitz Larrazabal "Katxo", Pello Etxebarria "Bonbero" eta Josu Landetaren eskutik; eta Haitzama taldeak eskainitako erromeria, 18:30etik aurrera, jaiari bukaera emateko. Bestalde, ohiko lez, aldarrikapenerako tartea ere izango da: 12:30etik 13:30era, euskal preso politikoen aldeko elkarretaratzea egingo dute Aixerrotako landetan. Argazkian, jendez lepo egoten da Aixerrota Paella Egunean.

Bitartean, Getxoko Udaltzaingoak eta Babes Zibilak neurri bereziak ezarriko dituzte igande honetan, Aixerrotako landetan. Ospakizun hori dela eta hartuko diren trafikoko neurriei dagokionez, azpimarratu autoak jai eremura sartzen utziko direla bakarrik goizeko 8etatik 9:30ak arte, lehiaketan parte hartuko dutenek paellak prestatzeko behar dituzten gauzak bertara sar ditzaten. Gune horretara, Aingeruaren Etorbidetik eta Gustavo Adolfo Becquer kaletik sartu beharko da. Hartara, Aixerrotako landak kotxez hustuta egon beharko dira goizeko 9:30etik aurrera. Ibilgailuak Bostgarrena, Santa Marina eta Gabriel Ramos Uranga kaleetatik aterako dira eta, Benta inguruan egiten ari diren lanak direla eta, Maidagan kalerantz ezin izango da joan. Gogoratu, bestalde, Gazteria eta Gizarte Zerbitzuetako udal Arloetatik borondatezko alkoholemia kontrol zerbitzu berezia eskainiko zaiela neska-mutilei, 17:00etatik 20:00ak arte. Azkenik, Babes Zibileko lagun ugari arituko dira jaiaz gozatzera joango diren pertsonen ongizatea zaintzen. Neurrien artean, sendatzeko gune aurreratua, lehen laguntzetarako gunea, anbulantziak eta lur orotako ibilgailuak izango dituzte.

Hurrengoak San Inazioak

San Inazioetan, iaz bezala, bost jai-eremu egokituko dira. Telletxe izango da berriro jaietako erdigunea, bertatik jaiak iragartzen dituen txupina botako duelako Getxo Rugby Taldeak eta bertan irakurriko baitu pregoia Laketsak iazko koadrila irabazleak. Beste ekitaldi nagusi batzuk ere ospatuko dira bertan, kontzertu handiak barne: KOP, Zea Mays, Gose, Estricalla, Vendetta, BIzardunak, eta abar. Tellagorri plaza, Ereaga hondartzaren ondoko ingurua, Kasinoko plaza eta Biotz Alai abesbatzaren plaza izango dira jaietako beste eremu batzuk. Aurten, nagusientzako luncha eta dantzak Zabala eskoletan izango dira.

Ohi bezala, jai herrikoi horien programazioa tokiko jai batzordeek gauzatu dute, eta Udalak jarduera batzuen antolaketan kolaboratzen du, esate baterako, Ereagako su artifizialak, diru-laguntzak (2010ean emandakoen antzekoak) emanez eta azpiegiturak ipiniz. San Inazio jaiei dagokienez, udal diru-laguntza 32.000 eurokoa da (su artifizialak ordaintzeko, beste 20.000 euro). Bestalde, Itzubaltzeta / Romora 22.000 euro eta Portu Zaharreko jaietara 14.000 euroko diru-laguntzak bideratu ditu. Era berean, Udalak kontzertu handiak eta haurrentzako jolasak ere ordaintzen ditu.

Udalerriko jai handiak hastear direla eta, Koldo Iturbe Kultur zinegotziak gogoratu du “jaiak Getxo udalerriak duen bizitasunaren eta dinamismoaren beste adierazpen bat" direla, "ondo pasatzerakoan ere". "Getxoztarrok eta gure herrira datozenek egitarau osoarekin gozatzera animatu nahi ditugu, baita adeitasunezko jai parte hartzaileak eta euskaldunak edukitzera ere. Desberdinen arteko elkarbizitza, bakea eta gure herriaren maitasuna egun hauetako ardatzak izan behar dira", gaineratu duenez.

Barrakak eta txosnak

Udako jai hauen elementu sinboliko gisa, barrakak hile honen 22tik abuztuaren 1era arte egongo dira Ereagako hondartzan. Jaietako beste elementu esanguratsu bat txosnak izaten dira. Saninazioetan 5 izango dira, jai batzordearenaz gain, Telletxeko aparkalekuan 4 eta alkoholik gabeko bat Tangora Etxean; Itzubaltzeta / Romon 5 izango dira, gehi jai batzordearena ere, eta guztiak Santa Eugenia kaleko aparkalekuan, geltokiaren ondoan, egongo dira, jaietako agertoki nagusian. Portu Zaharrean beste 4 izango dira, batzordearenaz gain, jai-eremu nagusian ere, zabalgunean, alegia. Guztiak herriko elkarteek kudeatuko dituzte.

Txosnen ordutegiari dagokionez, "jaia atsedenarekin bateratzeko helburuarekin", zuzeneko musika goizaldeko 2:30ean amaituko da jai bezperatan eta 1:30ean lanegun bezperatan. Gainontzeko musika orokorra 4:30ean amaituko da jai bezperatan eta 3:30ean lanegun bezperatan. Txosnak musika gelditu eta ordubetera itxi beharko dituzte.

Trafiko neurriak

Udaltzaingoak jaien ospakizunak era egokian izateko trafiko arau bereziak ezarriko ditu. Saninazioetan Telletxeko jai gunea egunero 18:00etatik 06:00etara itxita egongo da zirkulaziorako. Beste zirkulazio etete batzuk ere izango dira, besteak beste, hurrengoetan: Ereagan su artifizialak diren bitartean, pregoiaren irakurketan eta koadrilen desfilean, goitibeheren lehiaketan eta abuztuaren 1ean 66. Getxoko Txirrindularitza Zirkuitua / Ricardo Otxoaren Oroimenezko 11. ekitaldian. Hain zuzen ere, lasterketarako neurri berezi batzuk hartuko dira aurten, ibilbideak hainbat aldaketa edukiko dituelako. Horrela, Algortako Etorbidetik segitu beharrean, Foru kaletik Justizia Jauregira igoko dira txirrindulariak eta gero Alangotik jaitsi Euskal Herria kaleraino, Bolueko biribilguneraino, ohiko ibilbidearekin jarraitzeko. Eragina izango du Bolue plazatik Euskal Herria kalerako igoeran, moztuta egongo baita eta zirkulazioa metroko lurpeko pasabidetik Arenerantz, Makaletako etorbiderantz, desbideratuko da. Ereagan, pasealekutik hurbileko galtzadan barrakak egongo direnez, Turismo Bulegoa eta igogailuaren artean behin behineko bi norabideak ezarriko dira, mendixkaren ondoko galtzadatik.

Romon eta Portu Zaharrean antzeko neurriak jarriko dituzte indarrean. Gainera, hasierakoan beste behin-behineko etete batzuk izango dira, besteak beste, herri krosarekin, goitibeheren jaitsierarekin, pregoiarekin eta txupinazoarekin. Portu Zaharrean abuztuaren 12an 11:00etatik Ereagako igogailutik aurrera moztuko da zirkulazioa eta ez da hilaren 16ko goizera arte zabalduko, jaiak amaitu arte. Hornidurarako ibilgailuak eta egiaztagiri berezia dutenak baino ezin izango dira pasatu.

Arriskuen murrizketa

Getxoko Udalak, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, bosgarren urtez jarraian, alkoholaren eta beste droga mota batzuk hartzeari lotuta ager daitezkeen arriskuak murrizteko ekimena jarriko du martxan, udalerriko jai nagusietan. Alde batetik, karpa bat jarriko dute alkoholemia-kontrol boluntarioak egiteko eta bestetik, karpa furgoneta bat (Testing programa) ere, informazioa emateko eta drogak aztertzeko zerbitzuekin.

Alkoholaren kontrolak honako egun hauetan egin ahal izango dira: abuztuaren 5ean, Romoko jaietan; eta abuztuaren 12an, Portu Zaharrekoetan. Bestalde, testing froga uztailaren 29an Algortako jaietan egiteko aukera izango da; baita abuztuaren 6an, Itzubaltzetan, eta abuztuaren 12an, Portu Zaharreko jaietan. Guztien ordutegia 00:00etatik 03:00etara izango da. Paella Eguna kontuan hartuta, ekimenaren aurrekontua 7.910 eurokoa da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun