Zinegotzien liberazioa baztertzeaz gain, talde politikoen ordainsariak bertan behera uztea erabaki du Barrikako Udalbatzak. Azken osoko bilkuran, EAJ, Bildu eta Berdeen proposamen bana egon ziren eztabaidagai. Azkenean, koalizio independentistak aurkeztutako aurrera atera zen Diego Anderez alderdi ekologistako ordezkariaren babesari esker. Horren harira, orotara, urteko 65.000 euro ingurutan murriztuko dira korporazio osoaren diru-sarrerak. Jose Madariaga alkate jelkideak urteko ia 14.500 euroko soldata gordina jasoko du, alkateordeek hilabeteko 750 eurokoa; eta gainontzeko zinegotziek 450 eurokoa. Hori bai, udal batzarretara zein batzordeetara agertzen ez badira, ordainsaria murriztu egingo diete. Hain zuzen ere, EAJko Begoña Lekanda izendatu dute lehenengo alkateorde eta Bilduko Asier Garcia bigarren. Oraindik zehazteke dago Gobernu Batzordea nortzuk osatuko duten, baina litekeena da alkatea eta azken bi horiek izatea. Ohiko osoko bilkurei dagokienez, hilabete bakoitietako laugarren asteazkenean egingo dituzte, 19:00etan negu aldean; eta ordu bete beranduago udaldian. Argazkian, Barrikako udaletxea eta eliza.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!