Mikel Saratxok salatu duenez, torturaren aurkako protokoloa ez zen bete berarekin: "protokoloan medikuaren bisiten eskubidea jasotzen den arren, ez nuen konfiantzazko medikuaren bisitarik izan bigarren egunera arte. Gainera, etortzen zen bakoitzean, auzitegiko medikuarekin etortzen zen. Horrek erabat baldintzatzen zuen konfiantzazko medikuari esan ahal niona".
Izan ere, asko zen konfiantzazko medikuari kontatu beharreko, tartean jasotako tratu txarrak: "Nire kasuan, goizeko lauretan sartu ziren etxera; lo nengoen, eta familia ere bertan zegoen. Miaketa egin ostean, Madrilera abiatu ginen. Bidaia osoa kolpe eta mehatxu artean egin nuen, eta Madrilera iritsi ginenean esan zidaten: 'Hau asko iruditu bazaizu, orain dator dibertigarriena'. Tres Cantoseko komandantzian, bost egunez egon nintzen inkomunikatuta, eta tortura fisiko zein psikologikoak jasan nituen. Familiaren aurkako mehatxuak egin zizkidaten, baina nahiko ondo eutsi nion horri. Tortura fisikoari dagokionez, poltsa jarri zidaten, jo egin ninduten… Ez dakit zer izan zen gogorrena; azkenean dena ziklo bat da, eta guztia batzen denean, iristen da momentu bat lur jota zaudena".
Pairatutako esperientziak argi erakutsi dio Saratxori protokoloa gora eta behera ibili arren, tortura bukatzeko benetako gakoa inkomunikazioa amaitzea dela: "Protokoloa ez betetzeagatik jarri dugu kereila. Baina horrek ez du esan nahi protokoloa betez gero tortura amaituko litzatekeenik. Azken finean, protokolo hori tortura mantentzeko diseinatuta dago. Inkomunikazioa existitzen den bitartean, tortura existituko da, protokoloak protokolo. Inkomunikazioak bost egunez desagerrarazten zaitu, ez zara existitzen. Hutsune bat dago espazioan eta denboran, eta, beraz, zurekin nahi dutena egin dezakete. Horregatik, tortura bukatzeko, inkomunikazioa, denbora hutsune hori desagertu behar da".