Algortako Gazte Asanblada: "Getxoko Udalari zuzendutako gutun irekia"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko uzt. 26a, 02:44

Agiri honen bitartez, Algortako Gazte Asanbladak bere haserrea adierazi nahi du Getxoko Udalak espazio eta gune publikoetan bideo-zaintza kameren kokapenarekin izan duen jarreraren aurrean. Argi utzi nahi dugu bideo-zaintza kamerek, herritarren pribatutasunaren, biltzeko eta elkartzeko askatasunaren eta adierazpen askatasunaren aurkako eraso bat suposatzen dutela; azpian gazteria kriminalizatzeko intentzio maltzurra ezkutatzen dutelarik. Pribatutasuna, norbanakoaren nortasun pertsonalaren garapenerako ezinbesteko elementua da, etengabe behatuak eta epaituak izatearen beldurra kentzen baitigu eta gure esku uzten du gure informazio pertsonala noiz eta norekin konpartitzeko erabakia. Baina gune publikoetan kokatutako bideo-zaintzak eskubide hau kentzen digu, anonimatua lapurtu eta babesgabeturik uzten baikaitu udaltzainen eta Udalaren begirada zorrotzaren aurrean. Argazkian, Bihotz Alai plazako bideo-kamera bat.

Kameren atzean nor dagoen ikusten ez dugunez, oso zaila da hauen presentziaren aurrean nola erantzun jakitea eta are gutxiago hartzen dituzuen irudiak maltzurki eta modu kriminalizatzailean erabiliko ez dituzuela jakitea. Honengatik, pertsona ugarik beren portaera aldatzen dute eta kamerez zaindutako guneetatik ez dira pasatzen; ez ezer txarrik egin dutelako, baizik eta Udaltzainen arreta ez deitzeko eta beraien ekintzak modu kriminalizatzailean erabiliak ez izateko.

Adierazpen askatasuna eta biltzeko askatasuna, demokratiko deitzen dituzuen gizarteetan oinarrizko bi eskubide dira, herritar guztiei bermatu behar zaizkienak. Baina bideo-zaintza kamerekin bi oinarrizko eskubide hauen kontra jotzen duzue zuzenean; herritarrek manifestazio edo protesta batean filmatuak izaten ari direla jakitean, kameren presentziak herritarren askatasun politiko eta parte hartze demokratikoa murrizten baitu.

Baina pribatutasun, adierazpen askatasuna eta biltzeko askatasuna erasotzeaz gain, gazteria kriminalizatu nahi duzue kameren presentziaz. Jakin bazenekiten Txiki eta Otaegi plazan herriko gazte koadrila gehienak biltzen zirela. Horregatik, Txiki eta Otaegiko obrak hastean, Bihotz Alai enparantza egokitu zenuten gazteok enparantza hau erabili dezagun. Baina ez enparantza honetan hiru kamara jarri gabe: bat sarreran eta beste bat irteeran, argi utziz Getxoko Udalak kriminalak balira bezala tratatzen dituela gazteak.

Guzti honengatik, Algortako Gazte Asanbladak gune eta espazio publikoetako kameren berehalako desagerpena eskatzen dio Getxoko Udalari; eta galdera bat bidaltzen diegu herritarrei: Segurtasunak justifikatzen al du pribatutasunaren, adierazpen askatasunaren eta biltzeko askatasunaren urraketa?

Algortako Gazte Asanblada (AGA)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun