Nire berben jomuga sentitu zaretenontzat, zera, sekula ez naiz harro sentituko inori sentsazio desatseginak eragin izanaz, baina ni ispilugilea naiz, zuek jakingo duzue zer ikusi duzuen islatuta. Amak hezi ninduen moduan, konprometitua eta injustiziarekin intolerantea izaten ahalegindu naiz. Konprometitua, erregea biluzik dagoela oihukatzeko beldurrik ez izateko beste. Eta injustiziarekin intolerantea, itsasora heltzeko, dagoena dagoela, pareko guztia higatzen duen uraren moduan. Animatu, maitatu, hunkitu, gozatu, ulertu nauzuen guztiei, nire bihotza zuri gaineko beltzean; itzalak argiaren eragina direla irakatsi didazue.
Hemen datza nire mailua. Hartzen duenak mendeka ditzala jaio gabe hildako oihuak, norenak diren kontuan hartu gabe. Ez dezala erabili bere barruan lurrikara bat eragiteko ez bada. Ez diezaiela beldurrik izan egia gordin esateak dakartzan tentsioei; egia limitean dago. Eta ezagutzen ez duzun jende askok zure egia behar du.
Fredi Paya bertsolari algortarrak "Euskaldunon Egunkaria"-n eta "Berria"-n azken hamar urteotan argitaratutako 480. eta azken artikulua, gaur kaleratu dena
[©