Algortako San Inazioetako jai batzordeak dena prest dauka bihar, osteguna, ospakizunei hasiera emateko. Astelehenera bitartean, adin guztietarako hamaika jarduerez beteko dute herri erdigunea. Ohi bezala, hilaren 30ean egingo dute orain hiru urte berreskuratutako jaitsiera tradizionala. Antzina bezala, "Cuatro Caminos"-etik Ereaga hondartzara arteko bidea egingo dute dozenaka algortarrek, hareatza hondoan sardina-janaz, larrain-dantzaz eta Oxabi taldearekin dantzaldiaz gozatzeko. Aurretik 425 lagun inguru batuko dira Telletxe plazan, aurten lehendabizikoz antolatuta koadrilen bazkarian. Abuztuaren 1eko txipiroi lehiaketari dagokionez, aurten 13. edizioa izango du. Parte hartu nahi dutenek ostiralean, hilak 29, edukiko dute izena emateko aukera. Horretarako, Ajuria tabernara gerturatu beharko dira, 17:00etatik 20:00etara bitartean. 10 euro ordainduta, lapikoa aurkeztu eta mahai bat eta sei aulki eskuratzeko aukera izango dute.