Ertzaintzak 26 urteko mutil bat atxilotu zuen atzo arratsaldean, Getxo udalerrian, emakume gazte bat bortxatu izana leporatuta. Herrizaingo Sailak zabaldu duen komunikatuaren arabera, atzo arratsaldeko 1:30ak aldera jaso zuten emakumearen salaketa. Biktimak azaldu zuenez, goiz horretan sexu erasoa pairatu zuen aipatutako mutilaren etxean, Getxo udalerrian. Izan ere, orain dela egun batzuk, gizonezkoak lana eskaini zion Interneteko sare sozial baten bitartez. Atzo, kontratuaren zehaztasunak lotzeko geratu ziren mutilaren etxebizitzan. Bertan, mutilak arropa kentzeko agindu zion. Neskak ezetz erantzun ostean laban batekin mehatxu egin, arropa kendu eta bortxatu zuen, beti ere salaketaren arabera. Ertzaintzak arratsaldeko azken orduetan atxilotu zuen susmagarria, antzeko delituen aurrekariak ei dituena. Gaur goizean, epailearen esku jarri dute eta horrek Basaurin preso sartzea agindu du. Dagoeneko mutila espetxean dago. Bere aldetik, Imanol Landa Getxoko alkateak gaitzetsi du erasoa. Argazkian, 2010eko uztailaren 13an Itzubaltzeta / Romoko 350 lagun inguruk salatu zuten herri horretan izandako bortxaketa bat, orain arte Getxo udalerrian salatu den azkena.