Atzo, asteartean, Punta Galea Txirrindularitza Elkarteak ibilbidea aurkeztu zuen. Bertan, Imanol Landa Getxoko alkateak Udalak lasterketarekiko duen konpromisoa nabarmendu zuen, "gure udako eta jaietako paisaiako zati bat delako. Gure herriko txirrindularitzako klasikoetan erreferentea da. Eta klasiko bat da bere ibilbide, tradizio eta urtero egiten digun proposamenaren kalitateagatik”. Bestalde, Landak beste erakunde batzuen konpromisoa eskatu zuen, hala nola, Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiarena, "Euskadiko txirrindularitza egutegian mantendu behar delako".
Parte hartuko duten taldeei dagokienez, hamabi izango dira guztira. Horietako hiru UCI Pro Tour-ekoak izango dira: Euskaltel, Sicard, Nieve eta Igor Antonekin; Movistar, Jose Vicente Garcia eta Intxaustirekin; eta Katusha errusiarra, Karpens, Losada eta “Purito” Rodriguezekin, besteak beste. Beste zazpi taldeek nazioarte mailakoak dira ere: Sau Sojasaun frantziarra; Andalucia Caja Sur eta Caja Rural espainiarrak; Colombia es Pasion; Angel Vicioso ekarriko duen Androni Giocattoli italiarra; Geox-TCM, Menchov eta Carlos Sastre dituena; eta Tosport Vlaanderen-Mercator belgikarra. Talde zerrenda Orbea euskal herritarra eta Burgos 2016-Castilla Leonek ere osatzen dute.
Getxoko Zirkuituaren 66. edizioa - Ricardo Otxoa XI. Memoriala izango da igandean, San Inazio egunean. Hitzordua goizeko 9:30ean jarri dute eta, hamar itzuliko zirkuituan, txirrindulariek 170 kilometroko ibilbideari aurre egin beharko diote. Aurten, gainera, aurreko edizioekin alderatuta, proba "gogortu" egingo dutela jakinarazi dute antolatzaileek. Izan ere, lasterketaren irteera eta helmuga udalerriko epaitegiko inguruetara bideratuko dute, hau da, Foruak eta Konporte kaleen gurutzagunera. Gauzak horrela, Txomintxuko ohiko igoera Ereaga hondartzatik jarraipena izango du helmugaraino, ondoren, Euskal Herria kalera jaitsi eta Telletxe berriro hartzeko. Areatzatik datorren igoera %5 eta 14 arteko maldak izango ditu. Hori dela eta, esprinterrek aukera gutxi izango dute garaipena lortzeko eta helmugaratzea selektiboagoa izango da. Ibilbidea gogortzeak ere lasterketa laburragoa izatea ahalbidetu du, itzuli bat gutxiago emanez eta, beste urteetan ez bezala, ordu erdi beranduago hasiz. Beste nobedade bat anoa-postuarena izango da, Zientoetxen, Getxo aldean, kokatuko baitute. Argazkian, Koldo Fernandez de Larrea txirrindulariak irabazi zuen lasterketaren 64. edizioa.