Datorren ikasturtean euskalduntzen ez duen eredua aztertu behar ez izateko dekretua aurkeztuko du Jaurlaritzak orain. B ereduko ikasleak, orain arte D eredukoak bezala, euskara gaitasuna aitortzen duen ziurtagiria lortzetik salbuesteko proposamena.
Euskaraz bizitzeko bidea egin behar dugu, badakigu horretarako euskarari lehentasuna eman behar diogula maila guztietan. Eta badakigu ere, bide hori ez egiteko harriak jarriko dizkigutela, eta jaurtiko dizkigutela ere. Jaurlaritzak harri bete zaku du horretarako, eta hezkuntza-sisteman egiten ari diren aldaketek Euskal Herria asimilatzeko, espainolizatzeko beste tresna edo urrats bat baino ez da.
Irakaskuntzan egin asmo dutena ezagutu eta aste betera Rafael Bengoa Jaurlaritzako Osasun sailburuak eta Julian Perez Osakidetzako zuzendariak beste harri bat bota digute. Herritarrok askotan salatu izan dugu Osakidetzak euskaldunon eskubideak etengabe urratzen dituela, Hizkuntza Eskubideen Behatokiak berak ere, 10 urte daramatza osasun publikoko diskriminazioa kudeatzen. Lan deialdi publiko guztietan agerian laga izan dute zein den euskarari eta administrazioa euskalduntzeari ematen dieten garrantzia. Bengoak berak esan du “Euskara ez dela arazoa, langileentzat arazo bihurtzen dena euskararen aldeko diskriminazio positiboa egiteko abiadura dela". Benetako arazoa Osakidetza euskalduntzeko borondate falta denean.
Argi daukagu kontrako bidea egin nahi dugula. Euskaraz bizitzeko bidea aurrera, eta kontrara herri hau asimilatzen eta menperatzen jarraitzea.
Horregatik, euskaldunok hartu behar dugu euskaraz bizitzera eramango gaituen bidea egiteko erabakia. Euskal Herria, eta bertako administrazioak espainolitoen esku dauden bitartean bertatik aldeko pausorik etorriko ez delako.
Igone Lamarain, EHEko kidea