Ekitaldiaren bideoa (cc-by Koska irratia)
Ekitaldia argazkitan
Itzubaltzeta / Romoko jaien egitaraua
Felix Arnaiz Maeso "Lagun" 20 urteko gazte leioaztarra zena omendu dute gaur goizean Itzubaltzeta / Romoko 300 bat auzokidek, bertako jaiak martxan jarri eta ordu gutxitara. Itzubaltzeta / Romo eta Pinuetako jai batzordeak eta Ahaztuak 1936-1977 elkarteak antolatutako ekitaldia (mp3, cc-publicdomain Koska irratia) Arnaiz hil zuteneko 42. urteurrenean burutu da. Francoren garaiko Getxoko udaltzain batek erail zuen tiro batez antzinako trenbidearen barreren inguruan, gaur ekitaldia egin duten lekua. Errekagane eta Ibaiondoko kale-kantoian, Felixen memoria gorde eta omentzeko errotulua jarri dute, auzokideen txaloen artean. Lore eskaintza ere egin diote herriko gazte, heldu zein edadetu koadrilek eta senideei ere maitasuna eta elkartasuna adierazi diete herriko dantzariek. Martxelo Alvarez Ahaztuak elkarteko kideak tragedia ikusi zuten edo horren lekukotasunik izan duten auzokideei deitu die "zigorgabetasuna eta isiltasuna apurtzera" eta egun horretan gertatu zena guztiz argitzeko. Jai batzordeak Felix Arnaiz gogoratuko du urtero. Argazkian, "Lagun"-en ama dantzari baten eskuetatik lore sorta jasotzen.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!