Itzubaltzeta / Romoko jaiak atzo abiatu ziren Leioako administrazioren pean dagoen Pinueta auzoan. Gaur, berriz, herri osora zabaldu dira ospakizunak goizean zehar, nahiz eta arratsaldean herriko emakume kirolariek txupina bota behar oraindik. Gauzak horrela, Marisa Arrue Getxoko PPren bozeramaileak jaiak izan ditu gaur hizpide, "ETA erakunde terroristaren inguruak" bertan presentzia handia duela salatzeko. Horren errua EAJri bota dio, Itzubaltzeta / Romoko jai batzordeari "presoen aipuak" dituen jai-liburuxka "argitaratzen uzteagatik" eta 22.000 euroko diru-laguntza emateagatik. Arrueri kezka sortzen dizkiotenak "presoen inguruko pankartak eta elkarretaratzeak" dira. Jai-liburuxkan, Branka kultur elkarteak eta Itzubaltzetako Txosna Batzordeak jarritako iragarkiak salatu dituzte popularrek. Beren ustez, hor "terrorismoaren goratzea" gauzatu da, besteak beste,
Felix Arnaiz Maeso "Lagun" Frankismoaren biktimari egindako omenaldiarekin bat egiteagatik. Irailean, "dagozkion neurriak hartzea" Udalean eskatuko dutela azaldu du Arruek.