Plentzia ta Gorlizko gazte asanbladak zabaldutako adierazpena:
Eskerrik asko gerturatu zareten guztioi.
Gaur, Andra Mariko jaien osteko egun honetan, Plentzia eta Gorlizko gazteok mezu batez altxatu gara: Ermitatze gaztetxea desalojatzen ari dira!
Indar errepresiboak 9:30ean sartu dira gure etxea izan den topaleku horretan, Antolin Deuna plazan dagoen gune parte hartzailean, alegia.
Egun hau, ordutik, ez da egun ona izango. Eraso zuzena jaso dugu, denok, baina ez gara kikilduko.
Gaur ere herriaren elkartasuna jasotzen ari gara. Mila esker izandako jarreragatik. Esfortzu gehiago eskatuko dizuegu baina.
Asko izan dira aurrera eramandako ekimenak, proiektuak, tailerrak: inauteriak, gazte egunak; dantza, bitxi, txalaparta eta abarreko tailerrak; bideo forumak; umeentzako jolasak; afariak... Laburbilduz, herri honetako gazteriak herri honen agenda bete du aisialdi alternatiboaz eta filosofia parte-hartzaileaz.
Jarrerak eskertu ditugu, eskaerak bota ditugu, baina salatu ere egin behar dugu.
Berriro ere Udalak huts egin digu. Garaiz zaudete, egoeran zeresanik baituzue. Zuen erantzukizuna ere bada.
Ez al duzue sustatu gazteentzako topalekua edo nagusientzako etxea?
Alderdi politikoen adierazpenen zain gaude, nahiz eta hainbestetan huts egin, izandako ibilbidea zuzenduko duzuelakoan gaude.
Zuen utzikeria eta pasibotasunagatik berriro ere kale gorrian gaude.
Baina proiektuarekin ez dute bukatuko. Horregatik, gure agendarekin jarraituko dugu.
Gaurtik aurrera eta ostegunera arte Astilleron egongo gara kanpaldian. Bertan egingo dugu astearteko afari goxoa eta asteazkenean bideo emanaldia egingo dugu han bertan.
Azkenik, gure elkartasuna arrisku berean dauden Euskal Herriko erreferentzia diren gaztetxeei.
Kukutza eta Itzubaltzeta aurrera!
Ermitatze aurrera!
Gora Plentzia eta Gorlizko gazteria!
Ermitatze gaztetxea hustearen kontrako manifestazioa
Plentzia Telebistak (PTB) ekoiztutako bideoa (© Plentzia Telebista)