
Plentzia eta Gorlizko Gazte Asanbladak jakinarazi duenez, etzi, ostegunean, Gorlizen ospatuko duten laugarren Gazte Egunaren herri bazkarirako txartelak Plentziako udaletxe aurrean jarritako "akanpalekuan" eskura daitezke. Izan ere, hasiera batean horretarako gunea Ermitatze gaztetxea bazen ere, ertzainek eta udaltzainek atzo goizean
etxe okupatua hustuarazi ostean, bertara bideratzea erabaki dute
Plentzia eta Gorlizko Gazte Asanbladako kideek. Txartelak hamar eurotan eskura daitezke. Bestalde, abordaiarako baltsak egiteko puzgarriak egunean bertan erosi ahal izango dira, goizeko 10etatik aurrera. Tokiko gazteek Gazte Egunera hurbiltzeko deia luzatu dute "desalojoari ahalik eta erantzun handiena emateko". Argazkian, atzo arratsaldean hasi zuten Ermitatze gaztetxea hustu izanaren kontrako kanpaldia Plentziako udaletxearen aurrean.