Aitor Artetxe Rodriguez preso politiko algortarra gaur atera egin da Aranjuezeko espetxetik, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez. Etxekoak eta lagunak bertara iritsi direnean gaztea haien zain zegoen kalean. Etxerako bidean dira orain. Goizaldeko ordu biak aldera helduko ei dira Algortara. "Aitor libre gelditu da, fidantzarik gabe. Oraindik ezin dugu beste kontu juridikorik zehaztu", errepresioaren kontrako erakundeak adierazi duenez. Artetxe 2008ko abenduan atxilotu zuten Frantzia aldean, eta hiru urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Tartean, Espainiako Gobernuak egindako estradizio eskaeretako bat onartu zuten Frantziako tribunalek eta, espetxe zigorra bete ostean, ekainaren 25ean estraditatu zuten Espainiara. Hasiera batean Soto del Realen espetxeratu zuten, baina gerora
Aranjuezeko espetxera eraman eta bertatik atera da. Argazkian, Aitor Artetxe Frantziatik Espainiara eraman zutenean / © Espainiako Barne Ministerioa.