Euskadiko Gazteriaren Kontseilua: "Ermitatze gaztetxearen utzaraztea salatzen dugu"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko abu. 10a, 17:23

Urte hasieran, Plentziako Andra Mari kaleko 1. zenbakiko etxean sartu ziren Plentzia eta Gorlizko Gazte Asanblada (PGGA) kideak, bertan gaztetxea egiteko asmoz. Ordutik, erabili gabe zegoen espazio horretan, bideo-emanaldiak, solasaldiak, autodefentsa tailerrak, koadrilen arteko harremanak, herriko inauteriak eta inguruko lehenengo ortu herrikoiaren egokitzapena... antolatu dituzte gazteek. Urtarrilaren 7an, baina, okupatutako etxeraino gerturatu zen Ertzaintza. Jabeak salaketa jarria zuela eta, bertan zen neska-mutilen artetik zazpi identifikatu zituzten ertzainek, eta horiei guztiei epaiketa azkarra egin behar zietela esan. Argazkian, asteleheneko desalojoaren irudi bat.

Apirilaren 14an agertu behar izan ziren epailearen aurretik. Aurrebista amaituta ordea, gazteen kontrako prozesu penala artxibatu egingo zuela jakinarazi zien letraduei magistratuak. Behin-behineko hustuketa arriskua ere usatu egin zuten orduan, horrelako eskaerarik ez baitzen egon. Zortzi hilabeteren ostean kaleratu egin dituzte desalojo agindua komunikatu baino arinago eta errekurtsoa aurkezteko aukerarik gabe. Horrela, astelehena 8, Gorlizko Andra Mari jaien biharamuna, ez zen batere samurra suertatu inguruko gazteentzat, 9:30ak aldera, haien ekimena eta lana bertan behera geratu baitziren.

Horregatik, Ermitatze gaztetxearen hustearen aurrean, honakoa hau adierazi nahi du Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak (EGK) [EGKren 22. Asanbladan onartutako testuari jarraituz]:

• "Egungo errealitateari so eginez, geroz eta gazte gehiago daude bere aisiaren autogestioa bilatzen dutenak, euren ekintzak antolatuz eta garatuz, haien elkarbizitzarako haienak diren espazioak bilatzen dituztenak. Marko instituzionaletik askotan eskaini izan dira gizarte-etxeak bezalako guneak, baina horietan sarritan arazoak egon ohi dira 15-30 urte bitarteko gazteak gizarte antolaketa eredu horren barne sentitzeko.

• Egoera horren aurrean, gaztetxeak gazte partaidetzaren eta antolakuntzaren gune sustatzailetzat jotzen ditugu: euren erabakietan eta funtzionamenduan autonomiaz jokatzeko apustu eginez, diru-laguntzen eta epeen menpekotasunik gabe. Gazte kopuru handi baten partaidetza eta antolakuntza sustatzeari begira baliagarriak diren ereduak dira, beraz; hori dela eta, Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik eta arrazoiketa eta antolabide horretan oinarrituta, aipatutako dinamika hori gazteria partaidetza eredu egokitzat jotzen dugu; babestu beharreko espazioak dira gaztetxeak.

• Justuagoa, irekiagoa eta anitzagoa izango den jendarte baten aldeko apustua egiten dugu. Gizarte zibilaren indartzearen aldeko apustua, eraldatzaileak izango diren alternatiben aldekoa, tokian tokiko garapenaren aldekoa izanik eta gazteak diren pertsonen erabateko partaidetzaren nahiz hiritartasunaren aldeko apustua egingo duena. Horrekin batera, aldaketarako eta gizarte ekintzarekiko zaletasunaren eta demokrazia parte-hartzailearen aldeko apustua egiten dugu ere. Hori guztiagatik, gaztetxeak ezinbestekoak direla uste dugu".

Honengatik guztionengatik, Ermitatze gaztetxearen utzaraztearen kontra eta gaztetxeen alde lanean jarraitu eta antolatzen diren mobilizazio zein dinamiketan (kanpaldian, osteguneko Gazte Egunean,...) parte hartzeko deia egiten du Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak. Animo eta aurrera, gazteak!

Euskadiko Gazteriaren Kontseilua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun