Aitor Zubiaga: "Haserretuak eta ilusioak"

Aitor Zubiaga - Sopela.net] Azken hilabetetan Haserretuak deitutako mugimendua gure eguneroko panorama biziki astintzen ari da. Oraindik ikusteke dago mugimendu honen bilakaera zertan datza, baina aitortu behar da bere muga eta zehaztapen falta guztiekin eztabaida politiko eremura aspaldiko partez lozorroan edo bazterrean kokatuta zeuden hainbat ideia jendarteratze maila handia ahalbideratu duela. Stephane Hesselek idatzitako "Haserretu zaitezte!” manifestu ezaguna irakurrita ondorio argia atera dut: Hemen, Euskal Herrian, aspaldidanik haserretu gara eta horren ondorioz agian Europa osoan gertatu ez den fenomeno politiko eta soziala gauzatu egin dugu. Haserretu ginen eta ez hori bakarrik. Itxaropena errealitatea bihurtzeko eta gure herria eraikitzeko gogoa gure bizi iparra bilakatu genituen eta gaur da eguna erronka hori indartzeko eta era egokian bideratzeko estrategia berritu bat martxan ipini dugula. Argazkian, Areetan batutako "sumindu" batzuk.

Manifestuaren egileak bere hausnarketaren abiapuntua Nazismoaren aurkako Frantziako erresistentzian kokatzen du. Indar metaketa horretan komunistak, eskumako demokratak eta beste indar anitzak ere elkartu zirela gogora ekartzen digu. Erresistentziak borroka armatua bere tresna garrantzitsuenetako bat eduki zuen. Gerra garaia zen, jazarpen nazia ere armatua zen eta askapena lortzeko borroka armatua ezinbestekoa izan zen. Erresistentzia horrekin batera euskal gudariak ere egon ziren. Gardoki gudariaren izenak eta Gernika batailoiarenak nazien aurkako borrokan izen propio eta goraipatua eduki zuten eta betiko gogoan izango ditugu.

Hortik aurrera egileak hainbat ideia kudeatzen ditu: Zapalkuntzaren aurrean erresistentzia martxan ipintzeko lehenengo urratsa haserretzea da. Aldaketa egiteko kontzientzia subjektiboaren garapena, hau da “beharrezkoa da konprenitzea, edonork gizaki den heinean duen erantzukizuna”. Axolagabetasuna, jarrerarik makurrena dela aitortzen du eta horrela deskribatzen du: “jarrerarik okerrena axolagabetasuna da, ezin dut ezer egin, hor konpon esatea”.

Hau irakurri nuenean egia esan behar badizuet sentipen arraroa eduki nuen. Zer dago berri hausnarketa honetan? Euskal Herrira ekarrita gauza gutxi. Belaunaldiak daramatzagu inposatzen diguten zapalkuntzaren aurrean planto egiten. Ez dut hemen errepaso egingo baina honen lekuko duinak eta harrotasunez beteriko borrokak daude. Aldaketa gauzatzeko norberaren kontzientzia elikatzea eta ekintza bihurtzearen inguruko ideia gure euskal gizartean soberan ezagutu eta ezagutzen dugu. Milaka pertsona izan dira eta dira horren lekuko. Presondegietan, instituzioetan, herri mugimenduetan, lantegietan, gaztetxeetan, emakume taldeetan, auzo elkartetan eta gure herriko txoko eta bazter guztietan topa ditzakegu.

Baina, badago beste atal bat oso garrantzitsua dena. Borroka armatuarena. Autoreak onartzen du Pentagonotik mundu osoan inposatu duten terminologia kriminalizatzailea: Terrorismoa, biolentoak,… Honetan autoreak hausnarketa bat egiten du: "konbentzituta nago etorkizuna indarkeriarik ezarena dela". Honi beste bat atxikitzen dio: “konprenitu behar da indarkeriak bizkarra ematen diola itxaropenari". Nire ustez zinez baikorra agertzen da. Nire ustez inperioa gero eta biolentoagoa izango da eta irtenbide demokratikoak errazteko ez du aukerarik emango. Hori horrela bada itxaropenaren atea zabalik mantentzeko borroka baketsuarekin agian beti ez da nahiko izango. Bide hori egitea erabat beharrezkoa izango da baina geroak esango digu. Historiak argi eta garbi erakutsi digun bezala, askotan herri bat askatzeko biolentzia erabiltzea ez da bakarrik legitimoa ezinbestekoa baizik. Historiak argi erakutsi digu eta autorea berak aipatzen duen Frantziako Erresistentziarena kasu bat besterik ez da.

Hau esanda, egia da ere borroka molde hori erabiltzeko gutxieneko baldintza batzuk erabat beharrezkoak direla. Demokrazia eta justizia berreskuratzeko aurretiko aukera guztiak erabili eta landu behar ditugu. Azken aukera denean eta herriak argiki babesten duenean erabat zilegi izan daiteke borroka armatua erabiltzea. Horretan zalantzarik ez dago. Hau onartuko ez bagenu, zapaltzaile guztiei, munduko benetako terroristei, izugarrizko oparia egingo genieke. Hori ezin dugu onartu. Herriaren onarpena gakoa da. Une honetan gogora ekarri behar dugu Afrikako Che Guevara ezezaguna izan zen Thomas Sankarak utzi zigun gaurkotasunez beteriko ekarpen teorikoa: “Hobe da herriarekin urrats bat egitea, herriaren babesarik gabe hamar urrats ematea baino.” Borroka guztiek, armatua barne, logika honen beharra dute. Orain eta beti.

Gainera kontutan hartu behar dugu sistema biolentoak "terrorismo" eta "biolentoak" etiketen atzean edozein mobilizazio maila kriminalizatzeko duen gaitasuna eta asmoa. Duela gutxi Bartzelonako haserretuen mobilizazioetan ikusi duguna oso argigarria izan da. Aste hauetan Madrilen gertatutakoaren inguruan, hedabide nagusiek eta Rubalcaba berak "biolentoak" etiketarekin markatu dituzte Madrilen mobilizatu direnak. Haserretuek beraiek berehala bereganatu dute boterearen mezua eta barneko kriminalizazioari eragin diote, gaur egun bestelako dinamika iraultzailea gauzatzeko dauden baldintza objektibo zein subjektiboen mugak agerian utziz.

Gaur pairatzen ari garen ofentsiba neoliberalak eta inperialistak merezi duen erantzun herritarra aktibatu behar dugu. Herrien eta pertsonen oinarrizko eskubideak lortzeko dinamika eraginkorrak indartu behar ditugu. Dinamika jendetsuak, irabazleak izateko gogoa edukiko dutenak. Bide horretan Estatuen eta boteretsuen etiketak lehertu behar ditugu, mobilizatzeko ipintzen dizkiguten mugak, apurka bada ere, etengabe gainditzen ditugun bitartean.

Bide horretan Euskal Herrian ez gara atzean geratu. Ez gara inertzian finkatu eta gaurko errealitateari aurrez begiratuta estrategia berritzeari ekin diogu. Argia da bide “baketsuen eta zibilen” aldeko apustua, baina etsaiaren izaera biolentoari eta kupidarik gabekoari bista galdu barik. Badakigu gure herria protagonista bilakatu behar dugula. Hori lortzeko herriak agintzen eta konpartitzen dituen parametroetan kokatu behar dugu mugimendu politiko guztia. Gaur egun agindu horrek biolentzia politikoa ez erabiltzeko konpromiso irmo eta sendoa eskatzen du. Horretara heltzeko bide baketsu eta zibilak soilik erabiliko ditugu baina inoiz ez dugu gure burua eta gure herria engainatuko: Aurrean dugun etsaia izugarri biolentoa eta ez demokratikoa da eta garaipena lortzeko herri mobilizazio baketsuak muturreraino eraman behar ditugu. Horrekin nahikoa den edo ez herriak une bakoitzean erabakiko du. Historian beti gertatu izan den moduan.

Nire ustez Haserretuen mugimendu honek bere izaera estrategikoa argitzeaz gain etsaiari aurrez begiratu behar dio eta berehala ikusiko du erabat biolentoa izanik ez duela erraz amore emango. Justizia, askatasuna eta benetako demokrazia lortzeko Inperio berriak altxatu dituen muga guztiak hankaz gora ipini beharko ditugu herriaren mobilizazioarekin eta une bakoitzean herri horrek aginduko duen moduan. Beste gauza bat, Euskal Herria erabakitzeko eskubideaz zer dio? Beste baterako utziko dugu.

Aitor Zubiaga sopeloztarrak pasa den astelehenean Sopela.net agerkari digitalean argitaratutako artikulua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun