Asteburu honetan hainbat kultur ekintza izango dira Gorlizen. Batetik, bihar arte, hilak 12, Paul Ygartua margolari ospetsuaren arte lanak ikusgai egongo dira Gorlizko udal erakusketa aretoan, Eloisa Artaza kaleko 3an; eta hurrengo egunetik aurrera Guillermo Ortegaren arte lanak ikusteko aukera ere izango da, 19:00etatik 21:00etara, egunero. X. Udako Musikaldia 2011 aurrera doa eta asteburu honetan kontzertu bi egongo dira elizan. Larunbatean, hilak 13, jazz kontzertua izango da bertan, Borja Barrueta, Ivan San Miguel eta Carlos Velasco musikagileen eskutik, 20:00etan; eta igandean, hilak 14, 20:00etan eta elizan ere, Camerata Lirica izenekoaren kontzertua egongo da, Shummani egingo zaion omenaldian eta abesti lirikoekin. Horrela, aurtengo X. Musika Jaialdia amaitutzat joko dute. Bestalde, larunbatean, hilak 13, zinema emanaldia egongo da 22:00etan, doan, pilotalekuan: “Ametsen lapurra” izeneko euskarazko filma eskainiko dute. Eta igandean Txakolin Eguna ospatuko da Iberrebarri plazan, goizetik eguerdira. Argazkian, Paul Ygartuak margotu zuen Gorlizko kiroldegiko horma-irudia / © Gorliz.net.