Astrabuduako jaietan txerritxo bati tratu txarra eman ziotela salatu du ATEAk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko abu. 16a, 22:42
Animaliekiko Tratu Etikoaren Aldeko Elkarteak (ATEA) Astrabuduako jaietako koadrilen jaitsieran txerritxo bat erabili izana salatu du gaur publikoki zein Erandioko Udalean. Talde animalistaren bertsioaren arabera, pasa den abuztuaren 4an, jaien bigarren egunean, koadrilen kalejiran talde batek ibilbide osoan zehar txerri gazte bat eraman zuen plastiko ontzi batean, supermerkatu gurdi baten barruan zihoana. Txerriak hainbat gorputz zati zituen lotuta, ATEAk zabaldutakoaren arabera. Gainera, animalia alkohola edatera behartua izan zeneko susmoa dute animalistek. Horrek txerritxoan estresa eragin behar izan zuela salatu dute. Argazkian, Espainiako hazkuntza intentsiboko abeltegi batetik erreskatatutako txerritxo bat / cc-by-nc-sa Equanimal.
Era berean, jai ekitaldietan animaliak erabiltzea soberan dagoela gogoratu dute. Gertaturikoak, besteak beste, Animaliak Babesteko 1993ko Legea eta Erandioko Udalaren hainbat ordenantza urratu dituela diote. Horregatik, Joseba Goikouria alkateari ikerketa abiatu eta erantzuleak zigortzea eskatu dizkiote. Bestalde, ATEA Astrabuduako jai batzordearekin harremanetan jarri da. Astrabuduarrek gertatutakoa ez zekitela, horrelakoek jai batzordearen oniritzirik ez dutela eta datorren urtetik aurrera animaliak erabiltzea debekatuko dutela helarazi diete, ATEAk zabaldu duenez.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun