Metroko zaindari batek oinutsik joateagatik erasotu duela salatu du emakume batek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko abu. 17a, 19:29

Duela bi igande, hilaren 7an, arratsaldeko 8ak aldera, Algortako emakume bat Itzubaltzeta / Romo inguruetatik patinetan ari zela, etxerako buelta metroz egitea erabaki zuen. Horretarako, patinak erantzi eta galtzerditan trena hartzera zihoala, segurtasun-zaintzaile batek bertara sartzea eragotzi eta erasotu egin zuela salatu du emakumezkoak. Geltokiko zaindariak, bere aldetik, bezeroaren kontrako salaketa jarri du erasotzailea hura izan zela esanez. Epaiketa bide lasterrez egitekotan zeuden eta, berez, joan den ostegunerako deituta bazegoen ere, "Sabico Seguridad enpresaren salaketa aurkitzen ez dutenez", bide arruntetik bideratuko dutela jakinarazi dio UKBERRI.NETi Algortako andreak. Gauzak horrela, patinatzailea gertakariaren lekuko baten bila dabil. "Momentuan bizikleta bat zeraman, berde kolorekoa", aipatu du emakumeak.

Algortako emakumeak bazekien ezin zela metro geltokira patinekin sartu eta, ondorioz, horiek erantzi eta galtzerdiekin sartzea erabaki zuen. "Sarrerako leihatilan dagoen inspektoreak ikusi ninduen, hiru minutu egon nintzelako patinak eransten", jakinarazi dio algortarrak UKBERRI.NETi. Gauzak horrela, patinak eskuan hartu eta trena hartzeko nasara abiatu zen. Bertan, metrotik segurtasun-zaintzaile bat atera, bertan ezin zela sartu esan eta kanpora joateko agindu zion. Bezeroak "inon ez du jartzen holakorik, non dago hori jartzen duen ordenantza?", galdetu zion zaindariari eta horrek, bere aldetik, "ezin da eta ezin da", erantzun zion garraioa tokitik alde egiten zuen bitartean. Momentu horretan, emakumea, zer egin jakin barik, gaizki esaka hasi zitzaion gizonezkoari "burusoila" eta "polizi frustratua" bezalakoak esanez.

Zaindariak kalera irteteko agindu zion berriro algortarrari eta, txartelak egiaztatzeko makinen ondoan zeudela, emakumeak buelta eman eta patinak gizonezkoaren aurpegi aurrean jarri zizkion beregana hurbildu ez zedin. Momentu horretan, segurtasun langileak eskua lepoan jarri, lurrera bota eta belauna sorbalda gainean jarriz geldiarazi zuen, emakumezkoak aipatu duenez. "Min izugarria egiten zidan, mugitzen saiatzen nintzen baina okerragoa zen. Zaindariak bazekien zer egiten zuen, lurrera bota ninduen tokian bideo-kamerek ez baitute grabatzen", adierazi du andreak. Hala ere, inspektorea bertan zegoen eta ez zuen ezer egin, soilik "ez mugitu, okerragoa izango da eta" esan. Minutu batzuk geroago, Getxoko Udaltzaingoen patruila bat tokira bertaratu zen eta, lurrean botatakoa lasaitu ostean, emakumea eta zaindaria identifikatu zituzten.

Elkarren arteko salaketak

Algortako emakumeak Metro Bilbao garraio enpresan lan egiten duen Sabico Seguridad enpresako beharginaren kontrako eraso salaketa jarri du. Bere ustez, zaindariak neurriz kanpo jokatu zuen. Gainera, metroan oinutsik ibiltzearen kontrako araurik ez dagoela adierazi du. Zaindariak, bere aldetik, emakumea patinekin behin eta berriro kolpatzen saiatu zela salatu du. Horiekin kolpatzea lortu ez eta besoa urratu eta belarritik gogor tiratu ziola adierazi du.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun