Getxoko Udalaren garbiketa zerbitzuek 168.260 kilo zabor bildu dituzte guztira tokiko jai nagusietan: Itzubaltzeta / Romo, San Inazio, Portu Zaharra zein Aixerrotan ospatutako Paella Egunean. Arduradunek jakinarazi dutenez, aurten iaz baino 3.230 kilo gehiago jaso dira. Uztailaren 24an ospatutako Paella Egunean sortutako zabor kopurua gainontzeko jaietako bikoitza baino gehiago izan da: 114.040 kilo. Bestelakoetan, berriz, 54.220 kilo jaso zituzten: San Inazio jaietan 15.460 kilo; 13.200 kilo Itzubaltzeta / Romon; eta 25.560 kilo Portu Zaharrean. Nabarmentzekoa da Aixerrotan iaz baino 15.930 kilo zabor gehiago batu dituztela. Beste hiru ospakizunetan, ordea, kopuruek behera egin dute. Udalaren arabera, jaiegunetako goizeko lehen orduetarako kaleak garbi egon dira. Horretarako, Udalak bitarteko ugari jarri ditu, tartean, garbitze zereginetan jardun duten beharginen kopuru handia: 146 Aixerrotan; 42 Algortan; eta 30 Itzubaltzeta / Romon zein Portu Zaharrean. Argazkian, garbitzaile bat lanean artxiboko irudi batean.