Gaur arratsaldeko 5etan Gernika-Lumoko Urbieta zelaian abiatuko du aurredenboraldia
Getxo Artea Rugby Taldeko mutilen lehenengo taldeak. Izan ere, lagunarteko partidaren arerioa
Bizkaia Gernika izango da, historikoki getxoztarrentzat talde zaila izaten dena. Gainera, basurdeek hainbat jokalari berri kontratatu dituzte, tartean atzo bertan aurkeztu zituzten Marvin Swartboi hegoafrikarra eta Lilian Pereira frantsesa. Aurretik, 15:30ean, beste derbi bat izango da, bi eskuadren bigarren taldeen artean. Gernikako partidaz gain, beste lau norgehiagoken bidez gauzatuko dute aurredenboraldia getxoztarrek. Ostegunean eta igandean, hilak 25 eta 28, entsegu bikoitza izango dute Faduran Portugalgo Coimbra hiriko taldearen aurka. Irailaren 3an eta 10ean, berriz, beste bi derby jokatuko dituzte. Lehenengoa Elorrion izango da,
AMPO Ordiziaren aurka. Bigarrena, ordea, etxean jokatuko dute
Bidarteko Union taldearekin. Azkenik, Ohorezko Mailako lehenengo partida irailaren 18an Faduran izango dute Bryce Bevinen mutilek, Andaluziako Cajasol Ciencias taldearen aurka. Emakumeen taldea beranduago hasiko da Ohorezko Mailan, zehazki urriaren 23an Faduran, Complutense Cisneros arerio izango duela. Argazkian, Gernikako basurdeak / © Bizkaia Gernika Rugby taldea.