Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak "kontuz bainatzea" aholkatu die Areeta, Plentzia eta Gorlizko hondartzetako erabiltzaileei, uretan aldi laburrak eginez. Izan ere, atzo kaleratutako Bizkaiko Hondartzen Kontrol Sanitariorako Programaren aurtengo 12. azterketan hiru hondartza horietako bainuko uraren kalitatea "nahikoa" zela antzeman zuten, eskualdeko beste hareatza guztietan "bikaina" den bitartean. Gainera, Areetan, Plentzian eta Gorlizen hondartzen egoera sanitarioak "hobegarriak" direla azaldu dute Osasun Saileko ikerlariek. Eskualdeko beste hareatzen egoera "ona" da eta bainua eragozpenik gabe eman daiteke. Bestalde, Gurutze Gorriak Europa Press albiste-agentziari jakinarazi dionez, gaur eskualdeko hondartza guztiek bandera berdea ezarri dute, Barrika izan ezik. Bertan, bandera horia erakutsi eta bainatzean "kontuz" ibiltzea eskatu diete erabiltzaileei. Argazkian, Gorlizko hondartza.