Mehatxu horiek egiten zizkieten bitartean, burdinazko ukabilak eta borra luzagarriak zituzten eskuetan, langileek salatu dutenez. "Askatasun sindikalaren aurkako eraso bat da hau, eta hemendik aurrera gerta litekeen edozer gauza enpresaren ardura izango da", salatu du EGAS euskal garraiolarien sindikatuak. Era berean, enpresak hamabost detektibe pribatu kontratatu dituela ere salatu dute langileek. Euren kalkuluen arabera, 50 egun hauetan denetara 200.000 euro inguru gastatu ditu enpresak zerbitzu horiek kontratatuta. "Datu horiekin, merkatuko arrazoi ekonomikoek zilegitasun guztia galtzen dute", langileen ustez.
Gatazka planifikatua da, langileen ustez
Dena den, lan gatazkaren iturria orain dela urte batzuk bilatu behar da. Orain 20 bat urte hasi ziren garraiolariek Hanson Hispaniarekin lan baldintzak negoziatzen, urtero baldintza berdinak, KPIren eta gasolioaren igoeretara egokituta. Eredu hori apurtuz, duela urtebete, autonomo izateari utzi eta langile bilakatzeko kontratua eskaini zien enpresak, baina gasolioaren klausula aplikatzea ukatuz eta enpresari zegozkion hainbat gastu garraiolarien bizkar utziz, salatu du EGAS sindikatuak. Horrela, garraio bakoitzeko prezioak %40 merkatzea proposatu zien, nahiz eta gasolioaren prezioa, berriz, %18 garestitu zen iaz. Kaleratuen ustez, enpresak kontratua eskaini zien jakinda ez zutela onartuko, "balizko negoziazio bat egon zelako itxura eman dezaten".
Gainera, azken bi urteotan porlan kamioiak ia hutsik mugitzea agintzen zietela nabarmendu dute langileek, agian "kaleratzeak arrazoitu ahal izateko". Izan ere, Hansoneko zuzendaritzako kide batek orain sei urte Palentziako (Espainia) Freetrans enpresa erosi eta bertako porlan kamioiak bereganatu zituen, nahiz eta lan egiteko baldintzak ez zituzten betetzen, Hanson Hispaniako kaleratuen arabera. Alokairuan eta matrikularik gabe erabili ditu enpresak, ikuskatzaileetatik ezkutatu bitartean. Kaleratzeak eman zirenetik, Freetranseko bost kamioik, orain Astorkitrans izenpean, egiten dituzte despedituen garraioak.
Bestalde, Hanson Hispaniako langileek, dei egin diete erakundeei arazoan esku har dezatela, eta gatazka konpondu bitartean ez dezatela Hanson Hispania kontratatu euren obretarako.