Ertzaintzak 22 urteko mutil eta 20ko neska bana atxilotu zuen atzo goizean Plentzian, itsasadarrean porturatuta dagoen itsasontzi batean ebatsi izana leporatuta. Herrizaingo Sailak zabaldu duenez, atzo, larunbata, goizaldeko 5ak aldera, Plentziako itsasadarrean zegoen ontzi batean balizko ebasketa gertatzen ari zeneko informazioa jaso zuen Ertzaintzak. Bertaratutako poliziek San Telmoko ertzera heltzen ari zen txalupa bat ikusi zuten eta bertako tripulazioa susmagarritzat jo zuten. San Telmon Ertzaintzaren patruila batek bikotea geldiarazi eta identifikatu zuen. Gazteek itsas-salbamendurako zortzi bengala eta soinu-ohartarazle bat zeramatzaten plastikozko bidoi batean. Objektu horien inguruan galdekatuta, gazteek "ez zuten jatorriari buruzko arrazoibiderik eman", ertzainen aburuz. Hori dela eta, balizko lapurreta jaso ei zuen itsasontzia miatzeari ekin zioten. Bertan, ate bat apurtuta, kalteak sortu zituen bengala baten zantzuak, itsasontzia arakatua izan zeneko arrastoak eta arraun bat, bikoteak txalupan zeramanaren berdina, topatu zituzten bertsio ofizialaren arabera. Aurrekari polizialak dituzten gazteak atzo bertan eraman zituzten epailearengana.