Erandioko jai-liburuxkaren iragarkia pertsona partikular batek salatu duela zabaldu du Ertzaintzak, baina horren gaineko zalantzak ditu ezker abertzaleak. Izan ere, liburuxka argitaratu baino lehen, Erandioko Udaltzaingoaren burua inprimategitik pasa eta "poliziek edukia miatu zezaten" kopia bat Ertzaintzari helarazi ziola salatu dute. "Aurretiko zentsuraren" atzean Joseba Goikouria alkatearen eskua ere ikusten dute independentistek. Gerora, "iragarki hori arazoak zor zitzakeela" adierazi zieten Udaletik Hegoaldeko kideei, "auto zentsura bilatzen zutela".
Ondoren, Erandioko udal ordezkari batek jai batzordeko kideengana zuzendu eta jai-liburuxkan "ez legezko kontuak egon zitezkeela eta horretaz Udala ez zela kargutuko" zinarazi zieten, beti ezker abertzaleak zabaldutakoaren arabera. Horren ostean, ezker abertzaleko kideak alkatearekin batzartu ziren, Udaltzaingoaren buruaren jardunaz eta jai batzordeari sinarazitako testuaren nondik norakoak ezagutzeko. Goikouriak ere "auto zentsura" bilatzen zuela diote, "kezka bakarra bere burua zuela".
Azkenean, jai-liburuxka banatzen hasi eta Ertzaintzaren galdeketa etorri zen, baina bitartean ertzainek ez dituzte beraien ustez delitu-ekintza diren aleak denda, taberna eta kaleetatik erretiratu. Erandioko jai batzordeak komunikatu bat irakurri zuen publikoki gertatutakoa salatzeko eta jai batzordeak inolako deliturik egin ez duela argi uzteko.
Hegoalde kultur elkartea, herriko tabernen auzian barnebilduta dagoena, harago joan da eta hainbat kartel zabaldu ditu herritik, "diktadurapean bezala, zentsura eta errepresioa" direla salatzeko. Horretaz gain, komunikatu publiko bat ere kaleratu du.
Hegoalde kultur elkartearen oharra
Jai batzordearen jazarpenaren aurrean, Hegoalde kultur elkarteak zera dio
Ertzaintzak Erandioko Jai Batzordeari egindako inputazio larrien aurrean zera esan behar dugu: iragarkiaren ardura gurea da, ez Jai Batzordearena. Beraz, utzi pakean Erandioko Jai Batzordea, lan bikaina egiten ari da eta.
Horretaz gain, iragarki honetan ipinitakoa berresten dugu, Erika Bilbao, Erandioko neska jatorra eta gure bazkide biren alaba, kartzelan egotea guztiz bidegabea dela pentsatzen dugulako.
Hemen jokoan dagoena adierazpen askatasuna da, gure iritzia emateko eta plazaratzeko askatasuna. Baina Patxi Lopezek, Rubalcabak eta bere poliziek euskal presoekiko elkartasun ahots guztiak isilarazi nahi dute, pertsona baten argazkia erakustea delitu izateraino absurdua asmatuz.
Espainiako kaleak Franco genozidaren izenaz beterik daudenean (Erandion ere badago frankisten izenak dituzten kaleak oraindik ere), guk ezin dugu gure elkartasuna azaldu eta euskal presoen egoera bidegabea salatu. Baina elkartasuna ez da delitua eta ez gara isilduko.
Hegoalde kultur elkartea
Hegoaldearen iragarkia
Hegoaldeak kaleratutako kartela