Getxoko Udaltzaingoak Itzubaltzeta / Romoko taberna bateko zerbitzaria atxilotu du drogekin trafikatzea egotzita, eta taberna zigilatu du gai estupefazienteak saltzeko erabilia izan delakoan. Udal iturrien arabera, bart goizaldean, 2:00ak aldera, udaltzainek taberna bat zabalik ikusi dute, musika bolumen altuan ei zuena. Gauzak horrela, tokira bertaratu dira jabeari ordutegia ez betetzearen kontrako salaketa bat jartzeko. Barrura sartzerakoan, baina, tabernaria eta beste bi bezero aurkitu dituzte drogak kontsumitzen, bertsio polizialaren arabera. Ondorioz, udaltzainek lokala miatu eta barraren atzealdeko hainbat tokitan haxix zatiak eta speed aleak; doitasun-balantza; eta bilgarriak egin eta droga kopuru txikitan banatzeko materiala aurkitu ei dute. Horrez gain, jabeari 1.000 euro ere atzeman dizkiote. Horren ondorioz, udaltzainek 26 urteko gizonezkoa atxilotu dute. Halaber, poliziek taberna zigilatu dute epailearen erabakiaren zain. Udalak adierazi duenez, lokalak itxura negargarria zuen, garbitasun eta higiene baldintzei dagokienez. Horregatik ere agenteek akta jaso dute osasun publiko arloko ikuskapena egiteko. UKBERRI.NETek egiaztatu du itxitako taberna Oraintxe dela, Alonso kalean. Argazkian, tabernan atzemandako materiala eta droga / © Getxoko Udala.