Getxo Arraun Taldeak maila galdu zuen joan den igandean jokatu zen Santoñako ikurrinean. Hala ere, estropada puntuagarria ez izatea eskatu dute algortarrek, lehen kaletik joan ziren traineru guztiek bigarren kaletik joan zirenak baino 140 metro gehiago egin behar izan baitzuten,
Getxoko Udalaren kirol albistegiaren arabera. Azaldu dutenez, proba hasi baino lehen klub batzuk konturatu ziren estropada eremua ez zela araudizkoa, lehen kalean itsasbide gehiago zelako bigarrenean baino. Getxo Arraunek eskatu zuen erlojupeko proba banan-banan egitea, baina epaileek ezetz esan zuten. Aurkaratzea onartuz gero, algortarrek KAE 1 ligan jarraituko lukete aste bat gehiagoz behintzat, kontutan hartuz, asteburu honetan jaitsiera-igoerako estropadak jokatuko direla. KAE 2 ligako Getaria eta Ondarroa KAE 1 azken aurreko tokian bukatu duenarekin lehiatuko dira KAE 1 mailako postu batengatik. Hala ere, maila mantentzea oso zail izango luke Getxo Arraunek, kontutan hartuz, Getaria egoera onenean dagoela, azken lehiatutako hiru estropadetan irabazi baitu. Baina, gutxienez, aukera bat izango lukete. Argazkian, "Goizeko Izarra" aurreko estropada batean.