Ertzaintzak 18 eta 20 urteko bi gazte atxilotu zituen atzo, asteazkena, goizaldean, Leioako hainbat etxebizitzatan lapurtzea egotzita. Eusko Jaurlaritzaren
Herrizaingo Sailak zabaldutakoaren arabera, ustezko gaizkileek ataria indarrez zabaldu eta hainbat pisutara sartzea lortu zuten. Gauerdia aldera, Ertzaintzak Ibaiondo auzoko etxebizitza batzuetan hainbat ezezagunek lapurretan zeudenaren abisua jaso zuen. Dirudienez, tokiko auzokideek hainbat zarata susmagarri antzeman zuten. Jarraian, tokira bertaratutako poliziek atariko atean indarkeriazko markak igarri zituzten. Gauzak horrela, eraikinera sartu ziren. Tokiko hainbat etxebizitza erreforma prozesuan daude eta, horietako batean, ustezko bi lapurrak aurkitu zituzten. Lehenengoa armairu baten barruan eta, bigarrena, teilatuaren estalkiaren azpian ezkutatuta. Jarraian ertzainek bi gazteak atxilotu zituzten lapurreta delitua egotzita.