Zabalik dago aurtengo Getxoarten izena emateko epea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko ira. 1a, 21:47

Gaur, osteguna, Getxoarte 2011 Arte Sortu Berrien Aretoan izena emateko epea ireki du Getxoko Kultur Etxeak. Parte hartu nahi duten artista gazteek aipatu erakundearen edozein bulegotan zein udal web gunean eskura ditzakete oinarriak eta baldintzak. Inskribatzeko epea hilaren 30eko 14:00ak arte egongo da zabalik. Arte garaikidean aditua den epaimahaiak egingo du berrogeita hamalau artista onenen hautaketa, eta horien izenak urriaren azken astean jakinaraziko dituzte. Aukeratutako sortzaileek beraien lanak erakutsiko dituzte, abenduaren 2tik 4ra, Areetako Xake plazan kokatuko den 2.500 metro koadroko karpan. Getxoartek garatze bidean diren artistei euren obrak jendaurrean erakusteko aukera eman nahi die, eta aldi berean aretoa artista gazteen funtsezko topaleku bihurtu. Argibide gehiagorako 944 319 280 zein 944 914 080 telefono zenbakietara dei daiteke. Argazkian, artista batzuk Getxoarteko aurreko edizioan / © Getxoko Kultur Etxea.

Getxoarten parte hartu nahi dutenek 35 urtetik beherakoak izan edo adin hori 2011n bete beharko dute. Era berean, Euskal Herrian jaioak, administrazio-egoitza duten edo berton ikasten ari diren pertsonek parte har dezakete. Aukeratutakoek beraien lanak stand batean erakusteko aukera izango dute, doan. Gainera, bere eremuko argiztapen eta seinaleztapen zerbitzuak ere doan izango dituzte. Azkenik, Getxoartek katalogo zabala argitaratuko du parte hartzen duten artista guztien lanen berri jaso eta modu horretan lan artistikoak jendartera errazago zabaltzeko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun