Deysi Mendoza emakume ekuadortarraren gorpua aberriratzeko dirua lortzeko asmoz, igande honetarako, hilak 4, ekitaldia antolatu du Algortan
Munduko Emakumeak Babel elkarteak. Hitzordua eguerdiko 12:30ean jarri dute Fadura kiroldegian. Zantzu guztien arabera,
bikotekide ohiak hil zuen Mendoza abuztuaren 22an Bilbon. Feministen hitzetan, indarkeria sexistak eragindako seigarren biktima litzateke Ekuadorkoa, Baionako Sophie Loudetten aurretik. Hartara, elkartasuna adierazi ez ezik, Deysiren senide eta gertukoei laguntza ematera deitu du Babelek. Horretarako, herrialderen bateko jakia prestatzea besterik ez dute parte hartu nahi dutenek, ekitaldian bertan salgai jartzeko. Bildutako diru guztia gorpua aberriratzeko erabiliko dute. Horretaz gain, goizez, kirol txapelketa egingo dute; eta arratsaldez, jaialdia. Argazkian, abuztuaren 24an Deysi Mendozaren erailketa salatu zuten Algortan.