Udan zehar, Algortako Maria Kristina parkea eta Ereaga hondartza arteko igogailua zerbitzuz kanpo zenbat egunetan egon den jakin gura du
Getxoko PPk. Hori dela eta, EAJren Gobernu Taldeari txostena egiteko eskatu dio Marisa Arrue bozeramaile popularrak. Bere hitzetan, "matxura ugari izan ohi ditu azpiegiturak eta, bereziki, udan, eragozpen ugari sortarazi dizkie horrek herritarrei". Arruek zehaztu duenez, "hain zuzen ere, bisitari gehien izaten diren Algorta eta San Inazio (sic) jaietan, zerbitzuz kanpo egon zen igogailua". Gauzak horrela, Imanol Landa alkate jelkideari azalpenak eskatzeaz gain, "igogailuaren funtzionamendua bermatzeko berritze lanak egitea" planteatuko du Getxoko PPren buruak. "Kresala sartzea eragozteko, azpiegitura blindatzea litzateke konponbideetako bat", popularren ustez, "hori baita matxura gehien eragiten dituen arazoa". Argazkian, Ereagako igogailua.