Jaialdia Korrontzi talde bizkaitarraren eskutik hasiko da. Horrek lehenengo aldiz eskainiko du "Urratsa", musika eta dantza uztartzen dituen ikuskizuna, hain zuzen. Emanaldian Oinkari dantza taldeak eta Igor Yebra dantzari famatuak jardungo dute. Euskal tradiziozko dantza eta egungo dantza nahastuko dituzte Korrontziren musikarekin, trikitilarien tradizioan oinarrituta, mandolinen, haize eta egungo musika tresnen doinuez aberastuta.
Bigarren egunean, The Unusual Suspects folk orkestra eskoziarra izango da protagonista. Areetara bere azken lanarekin datoz: "Big Like This", alegia. Beraien jarduera 2003an hasi zen, Celtic Connections jaialdian eta, handik gutxira tradiziozko eskoziar musikaren eszenako musikari ospetsuak bildu zituen. Taldean Anna Massie, Ewan Robertson, Rory Campbell eta Aidan O'Rourke artista famatuak aritu dira, besteak beste. Bere saioetan tradiziozko tresnen doinuak haize instrumentuen, atal erritmikoen, pianoaren eta arparen erritmoekin nahasten dira. Horrela, taldeak eskoziar tradiziozko musika eraldatzea lortu eta horren bilakaera bultzatu du.
Larunbatean, irailak 10, Aljeriako Idir kantautorearen abestiez gozatzeko aukera egongo da. Ipar Afrikako musikaren funtsezko artista eta Imazighenetarren (Atlaseko mendikatean eta Cabilian bizi den tribua, eskualde horretako kanturik zaharrenen jabeak) doinuen erakuslea. Idir musika modernoaren aitzindaria eta aita da, baita hainbat korronteren bultzatzailea ere. Berberiako jendeen ahotsa berreskuratu zuen eta bere herriko musika eszena goitik behera aldatu zuen, 70eko hamarkadan musikaren munduan abiatu zenetik.
Azkeneko egunean, irailak 11, Dulce Pontesek amaiera bikaina emango dio Getxo Folk jaialdiari. Artista portugaldarra fadoko ahots garrantzitsuetako bat da eta musika-mota horren berpizkundearen eragileetako bat. Bere musika soinu tradizional portugaldarretan murgiltzen da haiek berritzeko eta berrasmatzeko, baina haiei darien hunkiberatasuna galdu gabe.
Doako ekitaldiak
Arratsaldeko kontzertuetan eskaintza anitzaz gozatu ahal izango dute zaleek. Horietan, Tambor de Saia taldearen erritmo brasildarrak, Seafoi taldearen (Mendebala jaialdiaren Maketa Lehiaketako irabazlea) doinu zeltak, Josemi Carmonaren (Ketama) flamenko proiektu berria eta Maria Berasarte abeslari donostiarraren fadoaren omenezko saioa izango dira protagonistak. Munduko Terrazan, berriz, hiru saio izango dira: Audience Plays Amerikanuak taldeak Ipar-Amerikara emigratu zuten euskaldunen inguruko dokumental baterako idatzitako abestiak eskainiko ditu; Ruaille-Buaille euskal-irlandar taldeak erritmo zeltak ekarriko ditu; eta azkenik, jatorri anitzeko musikariak biltzen dituen Felah Mengus taldeak flamenkoan eragina izan duten doinuak azalduko ditu.
Jarduera osagarriak
Bisitariek Elkartasun Gunea bisitatu ahal izango dute: Iparraldea eta Hegoalde arteko bidezko merkatua sustatzen duen ekimena, hainbat GKEen lankidetzarekin antolatuta. Bestalde, Munduko Merkatua topagune bilakatuko da hainbat herrialdeetan egindako artisau-produktuak atsegin dutenentzat. Halaber, Euskadiko Munduko Medikuak elkarteak eta Getxoko Etorkinen Plataformak antolatutako Munduko Terrazak aukera ezin hobea eskainiko du beste kulturetako gastronomiaz gozatzeko, musika ona entzuten den bitartean. Azkenik, Getxoko Immigrazio eta Kulturartekotasun Unitatearen eskutik, aurten ere kultura arteko espazioa hartuko du Folk Getxo BBK jaialdiak. Bertan, erakunde horrek gauzatutako ekimenak eta etorkinei eskaintzen dizkien zerbitzuak aurkeztuko dira; baita erakunde publikoek bultzatutako programak ere.
Getxo Folk jaialdian arituko diren artista nagusiak (© Getxoko Kultur Etxea)