"Uribe Top" eta "La Noche Americana" Gorliz irratira bueltatuko dira bihar

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko ira. 2a, 22:55

Abuztuko oporrak amaituta eta irailaren lehenengo larunbatarekin batera, bihar "Uribe Top" eta "La Noche Americana" irratsaioak 107.8 FMko dialean izango dira berriro, Gorliz irratia - Uribe FM-n. "Uribe Top"-i dagokionez, bosgarren denboraldian ordu bat lehenago abiatuko da saioa, goizeko 10etan, eta ordu bat gehiago, hiru guztira, iraungo du musika komertzialaren Uribe Kostako "hit parade"-ak. Saioak 5.000 entzule ditu larunbatetan, Gorliz irratiak berak CIESen 2011ri buruzko lehen txostena aipatuz adierazi duenez. Maite Ajak gidatuta, lehenengo saioan, besteak beste, The Wanted talde irlandar-ingelesa, Britney Spears estatubatuarra eta Esne Beltzaren disko berrien hainbat abesti entzun ahal izango dira. Izan ere, musika euskaldunari orain arte izan ez duen espazioa eman nahi diote. "La Noche Americana", ordea, ohiko ordutegian jarraituko du, 17:00etatik 18:00etara. Lehenengo saio honetan, Jose Luis Rebordinos Donostiako Zinemaldiaren zuzendaria ekarriko dute Jon Larrinoa eta Iñaki Gonzalez esatariek. Argazkian, "La Noche Americana"-ko aurkezleak / © Gorliz irratia - Uribe FM.

Rebordinosekin batera, Zinemaldia, Donostia Saria jasoko duen Glenn Close aktoresaren ibilbidea, Euskal Herriko zinemaren aurtengo uzta, AEBko zine beltza edo azken urteotan Txinan egindako filmez solasean arituko dira.

"Uribe Top", parte-hartzea erronka

Denboraldi berri honetan, "Uribe Top" programak hainbat berrikuntza ekarriko ditu. Adibidez, "hit parade"-en zerrenda 30 izateraino luzatuko da, abesti berriak eta hautagaiak kontatu gabe. Horretaz gain, hilero Ingalaterra, AEB, Suedia eta abarreko herrialdeen musika zerrenda nagusien berri emango dute. Lantzean behin, atzera ere begiratuko dute, aurreko urteetako bost kantarik onenak gogoratzeko. Horretaz gain, saioak entzuleen parte-hartzea sustatzen jarraituko du, bitarteko franko izango dela horretarako. Abestiak bozkatzeko uribetop@uribefm.com posta elektronikoa, saioaren Facebook orria, Tuentiko gune ofiziala edo Twitterreko kontua erabiliko ahal izango dira. Asteroko inkesta, berriz, irratiaren webgunean egongo da eskuragai.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun