Ertzaintzak hiru gizon gazte, haietariko bat adingabea, atxilotu ditu goizaldean Plentziako jaietan, bertan izandako borrokaldietan eta erasoetan arma zuriekin parte hartu dutelakoan, Eusko Jaurlaritzaren
Herrizaingo Sailak zabaldu duenez. Lehenengo atxiloketa 2:30ean egin dute, Astillero plazan. 24 urteko gazte batek labankada bat jaso du sorbaldan eta 30 urteko ustezko erasotzaileak, berriz, botilakada bat buruan. Ertzaintzak biak atxilotu ditu eta lesio delitu bat leporatu die. Labankada jaso duen gaztea Gurutzetako ospitalera eraman dute eta bertan dago. Ordu erdi beranduago, arma zuriarekin egindako beste erasoaldi bat izan da barraketako gunean. Gazte batek labankada bat jaso du bularrean eta zauri larriak zituelakoan, ospitalera eraman dute. Poliziek ustezko erasotzailea aurkitu dute, 16 urteko mutila, eta lesio delitua egotzita atxilotu dute.