Euskal Jaia ospatuko dute asteburuan Sopelan

Larunbat eta igandean Euskal Jaia ospatuko dute Sopelako udaletxe inguruan. Aurten ere kultura eta gastronomia jarduerek osatuko dute egitarauaren ardatza. Gauzak horrela, larunbatean, goizeko 10etan zabalduko dute Nekazaritza Azoka. Halaber, txalaparta erakusketa eta aipatu tresna jotzeko aukera egongo da goiz osoan zehar. 13:00etan, gazta, barazki, lora eta fruta txapelketako sari banaketa egingo dute. Eguna amaitzeko, 21:00etatik aurrera, Sokaide taldeak kontzertua eskainiko du. Argazkian, nekazaritza azoka iazko Euskal Jaian / © Sopelako Udala.

Igandean, Zirri Marra elkarteak antolatutako margo lehiaketa izango da goiz osoan. Bestalde, “Fermin eta Eusebio” Sukalki Txapelketa egongo da, trikitixaz alaituta, udaletxeko plazan. Eguerdian, berriz, txistu kontzertuaz gozatzeko modua egongo da, perkusioak, metal boskoteak eta teklatuak lagunduta. Ordu bete geroago, 13:00etan, sukalki txapelketako sariak banatuko dituzte. 17:00etan, berriz, margo lehiaketaren sari banaketa egingo dute. Azkenik, 18:00etan, haurrentzako animazioa egongo da Kuko, Truko eta Bolenweider pailazoen eskutik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun