Espainiako Auzitegi Nazionaleko Pablo Ruz epaileak Gabi Basañez Ruiz algortarra, Walter Wendelin, Unai Vazquez Puente, David Soto Aldaz eta Aritz Gamboa de Miguel Askapena erakunde internazionalistako kideak prozesatzeari ekin dio gaur, auto baten bidez. Halere, magistratuak ez du epaiketaren data zehaztu. Berria.info-k jakinarazi duenez, epaiketa abiatzeko erabakian ETAren zuzendaritzapean egotea leporatzen dio Ruzek Askapenari. Zehazki, Askapena ETAren eta Batasunaren zuzendaritzapean ei zegoen Nazioarteko Lan Talderen parte zela eta bere egitekoa ETArentzako nazioarteko babesa lortzea zela dio epaileak. Auziperatutako lagun guztiak 2010eko irailaren 28an atxilotu zituzten, Askapenaren aurkako sarekadan, Itsaso Lekuona eta Ruben Sanchezekin batera. Argazkian, Gabi Basañez pasa den apirilaren 2an, askatu zuten egunean.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!