Gasteizko gaztetxea: "Sorgin ehiza Gasteizko gaztetxean"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko ira. 7a, 23:25

Aurreko larunbatean, irailak 3, Gasteizko gaztetxean, kontzertuen ostean, 40 pertsona inguru zeuden lasai asko barruan. Goizeko 3:30ak aldera, etxeko atean zeuden ertzain eta udaltzainek linterna baten laguntzaz barruan zegoena begiratzen zuten. Barran aurkitzen zen asanbladako kidea, atera gertatzen zena jakin nahian hurbildu zenean, "Y encima quieren cerrar la puerta, putos etarras de mierda se van a enterar" eta "sois basura" bezalakoak oihukatuz gaztetxerantz abiatu ziren inongo azalpenik eman gabe jarrera bortitz eta neurrigabean, gaztetxeko kideak bere burua identifikatu eta lasai hitz egiteko proposatu bazien ere. Momentu hartan, bertan zegoen jendea botatzeari ekin zioten, beti ere kolpeka. "Vosotros estáis en tregua, pero nosotros n"” bezalako astakeriak entzun behar izan zituzten han bilduta zeuden gazteek. Azpimarratu nahi dugu ertzainek gau osoan erakutsi zuten jarrera oso bortitza izan zela, ezin izan genuen beraiekin hitz egin. Zoroen pare oihukatzen zuten, burua galduta. Argazkian, gazteetako batek hartutako kolpe-aztarnak / © Gasteizko gaztetxea.

Jende guztia kaleratu zutenean, hainbat ertzain eta udaltzain gaztetxean geratu ziren, aurretik identifikatu zen asanbladako kidearekin batera. Jarraian, jarrera oldarkorrean, tabernan betidanik eskegita egon diren Gasteizko preso politikoen argazkiak kenduarazi zizkioten, berak lasaitasunez kasu egin zielarik, eta horregatik, terrorismoa goraipatzea leporatu diote. Horretaz gain, taberna atearen gainean zegoen preso politikoen panel zaharra eta Etxauriko plazaren aldera geneukan panel bat eraman zuten. Ostean, gaztetxeko gela guztiak erakustarazi zizkioten eta hauek arakatu, inolako agindurik erakutsi gabe, eta asanbladako kideari inorekin kontaktatzea utzi gabe. Etxea miatu ostean atarira irten ziren.

Kaleratua izan zen jendeari dagokionez, ez zuen panorama hoberik aurkitu etxetik ateratzerakoan. Ehizatzera joango balira bezala eta inolako azalpenik eman gabe barruan emandako kolpeekin jarraituz, ertzain zein udaltzainak pertsonei oldartu zitzaizkien. Porra kolpeak, udaltzainen porra luzagarriak artean, bultzadak eta irainak ugariak izan ziren eta jendea aldentzen saiatu bazen ere, euren atzetik jo zuten. Lehenengo zaurituak suertatu ziren momentu hartan.

Horren ondoren, giroa lasaitzen ari zela zirudienean, eta ustez Polizia gaztetxe eta inguruetatik alde egin zuenean, hamar bat gaztetako taldetxoa etxera gerturatu zen egoera ikusi, barruan zegoen asanbladako kidearekin egon eta Poliziak barruan egindakoaz jabetzeko. Gaztetxe barnean bildu ziren, eta behin joatea erabakita eta etxeko atea ixtear zeudenean, kalearen bueltan jarrita zegoen ertzain talde batek eraso egin zien. Lasterraldi honetan irainak ere entzun behar izan zituzten "corred, hijos de puta, corred" bezalako hitz politak alegia.

Erasoaldiz erasoaldi, bortizkeriak gora egin zuen, eta kasu honetan are zauritu gehiago utzi zituzten bidetik, gazteek izan zuten aukera bakarra korrika egitea izan zen. Haiekin hitz egiteko edozein aukera hutsean gelditu zen, ez baitzuten arrazoitzeko inongo keinurik egin. Udaltzainekin batera koordinaturik, ertzainek unitate gehiago zeuden kaleetara korrika eginarazi zioten jendeari eta horrek, porrek eta ostikadek zauritutako gehiago, hainbat identifikazio eta atxilotu bat utzi zituen, azken hau erresistentziarik eskaini ez bazuen ere, indarkeri handiz lotu zuten.

Hau guztiau gutxi balitz, udal zein erkidegoko poliziak, Alde Zahar eta erdialdeko inguruetan zabaldu ziren, etxera bidean zeudenen zain. Adibide garbiena, Correos ingurutik etxera bakarrik zihoan gazteari lau ertzainen artean lurrera bota ostean matoien ausardiaz eman zioten astindu basatia. Lehenengo, Correos parean inongo lotsarik gabe jendearen aurrean jo zuten, ondoren lepotik hartu eta Forura eraman zuten egurtzen jarraitzeko.

Ordurako, Aiztogile kalean gelditzen ziren gazteek, ertzainen patruiletako bozgorailuetatik "Ei, chavales iros a casa o vais a seguir pillando" bezalako mehatxuak jasan behar izan zituzten. Hau izan zen, poliziak zentzugabeko basakeria gauari jarri zion ginda.

Hauxe da gauak utzitako balantzea: 15 zauritu inguru, 5 identifikatu eta atxilotu bat.

Hementxe daude gau horretan gazteek utzitako testigantzak:

1. Gaztetxe barruan zegoen jendea irteteko zain nengoela, ertzain bat hurbildu eta alde egiteko agindu zidan modu bortitzean. Bultzatu ninduen, lasaitzeko eskatu eta buelta eman nuen. Une horretan aldentzen hasitakoan, bizkarretik eraso egin zidan besoan eta bizkarrean. Ukondoa apurtu egin didate.

2. Gaztetxe atarian geundela ertzainak oldartu zitzaizkidan. Petrilean eserita nengoela, ostikadaz lurrera bota eta ostikoka altxarazi ninduten. Giroa lasaitu zela zirudienean, atzetik korrika hasi ziren eta inguruko kale batean identifikatu ninduten bakarrik nengoenean. Irainak, zaplastakoak eta probokazio pila pairatu nituen.

3. Correos ondoan etxera bidean nindoala ertzainak inguratu eta lurrera bota ninduten. Lurrean ostikoak eman zizkidaten, "hijo de puta" behin eta berriz esanez. Gero, Foru enparantzako toki ilun batera eraman eta bertan gorputz osoan kolpeak eman zizkidaten porra luzagarriekin. Besoan, makina bat jarri zidaten, "pi, pi" egiten zuena. Zer zen galdetu nienean, ukabilkada bat eman zidaten, "Quieres volver a preguntar?" esanez. Identifikatu ostean, "Diles a tus amigos que nosotros no estamos en tregua" esanez aske utzi ninduten.

Guzti horren harira, Gasteizko Gaztetxeko Gazte Asanbladatik honako puntuak argi utzi nahi ditu:
Larunbat gaueko gertakarien erantzuleek izen abizenak dituzte. Ertzain eta Udaltzaingoaren arduradunek azalpenak eman behar dituzte, baita biolentziaren aurkako diskurtsoaz ahoa betetzen duten Udaleko zinegotziek ere.

Gaztetxearen lana ez da baldintzatuko Poliziaren mehatxu eta bortizkeriagatik, gune aske eta autogestionatu honek lanean jarraituko du, Gasteiztarrei bestelako gizarte eredu bat posible dela erakutsiz.

Gaztetxeak preso politiko guztiekin elkartasuna adierazten jarraituko du, elkartasuna ezin baitute delitu bihurtu.

Gasteizen eta bereziki Alde Zaharrean Poliziaren eskutik ematen den edozein gehiegikeria salatzen jarraituko dugu oztopoak oztopo eta jendarteari gauza berdina egiteko deia egiten diogu.

Bukatzeko, bihotzez eskertu nahi diogu gertaera jakin bezain laster, gazte asanbladarekin kontaktuan jarri diren eragile eta norbanako guztiei, zaurituengatik kezkatu direnei, eta gaur gerturatutako lagun guztiei. Argi geratzen baita, gaztetxeak eraso bat jasaten duen bakoitzean herri mugimendu osoak erantzuten duela eta gasteiztar askoren babesa jasotzen duela.

Guzti horiengatik lanean jarraituko dugu. Utzi pakean gaztetxea!

Argazki gehiago (© Gasteizko Gaztetxea)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun