Beraz, 2011-2012 ikasturte honetarako Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskola matrikulatu diren 2.085 ikasleek Arte Ederren Fakultatearen aurre aldean kokatuta dagoen eraikin "moderno eta eroso" horretan osatuko dituzte beraien ikasketak, EHUk zabaldu duenez.
Eraikinaren ezaugarriak
Eraikin berria Cesar Azkarate arkitektoak diseinatu du eta 33.669 metro koadroko azalera dauka bloke bitan zatituta. Azpiegitura berri horrek 42 ikasgela, 16 mintegi, 5 ikasketa gela, irakasleentzako 106 bulego, 2 gimnasio, 4 informatika gela, 17 tailer, eta baita zuzendaritzarako, administraziorako eta zerbitzuetarako hainbat gune ere dauzka, hala nola bilera gelak, ikasle elkarteentzako lokalak eta teknikarientzako bulegoak. Gainera, solairu bitan banatuta 360 ibilgailurentzako tokia duen lurpeko aparkaleku bat ere badauka.
Eraikina jasangarriagoa izan dadin neurri aktibo eta pasiboak aplikatu dira bere diseinuan. Neurri aktiboen artean, eraikinaren sekzioak funtsezko garrantzia dauka, neguan eguzkiaren argitasuna sartzea eta udan eguzki izpiak saihestea ahalbidetzen baitu, eta gainera, hozte sistema naturala ere sortzen baitu. Bestalde, neurri aktiboen artean nabarmentzen dira euri urei probetxua ateratzeko sistema, jarritako eguzki panel termikoak, argiztapen irizpide jasangarriak erabili izana eta tenperatura txikiko galdarak erabiltzea. Guzti horrekin, urtero 450.000 kg. CO2 isurtzea saihestuko da eta, gutxi gora behera, energiaren kontsumoan 107.000 euro aurreztea suposatuko du.
Eraikinak 24 milioi euroko kostua izan du eta EHUk eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatu dute, bi erakundeek egindako hitzarmenaren emaitza gisa. Hitzarmena aipatu lanek eta Ingeniaritza Teknikoko eta Meatzeen eta Herri Lanen Ingeniaritzako (Santimami) unibertsitate eskolen eraikinek guztira eragingo duten 65 milioi euroko kostuari aurre egiteko sinatu zen. Zenbateko horretatik, 47 milioi Aldundiak jarri ditu eta gainerakoa EHUk. Bestalde, lur azpiko aparkalekuak 3,6 milioi euroko kostua izan du eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren kontura ordaindu da. Eusko Jaurlaritzak Ingeniaritza Teknikoko Eskola bien eraikin berria jasoko den eremuko lurrak ere eman ditu.
Bilboko Irakasleen Unibertsitate Eskolaren egoitza berria EHUren Campusen Garapen Planak (2005-2010) aurreikusten dituen azpiegituren artean kokatzen da. Carmelo Garitaonandia, Bizkaiko Campuseko errektoreordeak azpimarratu duenez, "Magisteritza Eskolaren eraikin berria aurrerapauso garrantzitsua da UPV/EHUko Bizkaiko Campusaren modernizazio prozesuan eta, batez ere, aurrerapen handia Leioa-Erandio eremuaren eraldaketa sakonean".
Magisteritza eskolako egoitza berria aurkezteko bideoa (© EHU)