Ongi etorri beroa egin diote Aitor Artetxe gazte algortarrari

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko ira. 11a, 21:30

Auzokideek eta inguruetako herrikideek ongi etorri ekitaldia (mp3) eskaini zioten atzo, larunbata, Aitor Artetxe Rodriguez Algortako preso politiko ohiari. 150 pertsona batu ziren Algortako Telletxe plazan 13:30ak aldera egindako ekimenean, gaztea ia hiru urte preso eman ostean berriro auzotarren artean dagoela ospatzeko asmoz. Ekitaldian zehar, amari eskaini zion lore-sorta eman zioten Artetxeri. Izan ere, esker hitzak baino ez zituen izan senide, lagun eta herrikideentzat, espetxean izan den bitartean eskaini dioten elkartasunagatik. Era berean, atzean utzitako euskal presoak gogoan izan zituen Artetxek. Olerkia, txapela, aurreskua eta amnistiaren giltza ere eskaini zizkioten, besteak beste, Etxeratek, AAMk eta aurretik kaleratutako udalerriko azken presoek, Gabi Basañez eta Zigor Goikoetxea. Hainbat auzokidek Algortako presoek pairatzen duten sakabanaketa salatu zuten, euren erretratuak sostengatuz. Argazkian, Aitor Artetxe, erdian, txapela ondo jarriz / cc-by ASEH.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak salatu zituen ongi etorria burutzeko izan diren oztopoak eta presoek oraindik ere bizi diren baldintzak deitoratu zituen, errepresio giro orokorrarekin batera. Ildo horretatik "botoa emateaz gain, borrokatu" beharra defendatu zuten. Bere aldetik, Joseba Elorriaga Gazte 1 + Ez! ekimeneko bozeramaileak bihar zortzi eskualdeko hamaika gazte epaituko dituztela gogoratu zuen. Ekitaldiaren ostean, manifestazio egin eta Artetxe herrian izatea ospatu zuten herri bazkaria dela medio.

Artetxe 2008ko abenduan atxilotu zuten Frantzia aldean, eta hiru urteko espetxe zigorra ezarri zioten, ETAko kidea zelakoan. Tartean, Espainiako Gobernuak egindako estradizio eskaeretako bat onartu zuten Frantziako tribunalek eta, espetxe zigorra bete ostean, 2011ko ekainaren 25ean estraditatu zuten Espainiara. Hasiera batean Soto del Realen espetxeratu zuten, baina gerora Aranjuezeko espetxera eraman eta bertatik atera zen abuztuaren 9an. Orduan ere, harrera beroa egin zioten auzokideek.

Ekitaldia argazkitan (cc-by ASEH)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun