Etzi, larunbatarekin, Nekazaritza Ekologikoaren eta Energia Berriztagarrien VI. Azoka egingo dute Algortako Telletxe plazan. Ekolur Bizkaiko Nekazaritza Ekologikoaren Elkarteak antolatuta, goizeko 10:00ak eta arratsaldeko 3ak bitartean izango da ekimena. Bertan, 50 bat ekoizlek, gehienak Euskal Herrikoak, hainbat produktu ekologiko, hala nola frutak; barazkiak; behi, ardi eta ahuntz gaztak; marmeladak; ogia eta pastelak; ardoa; kontserbak; eztia; olioa etc. erakutsiko eta salduko dituzte. Plazara hurbiltzen direnek talo eta txorizo ekologikoa dastatu ahal izango dituzte bertoko ardoa eta sagardoarekin, eta hainbat tailerretan parte hartu ere. Halaber, azokan hainbat ekoizlek bisitariei bioeraikuntzaren proiektuak egiteko dauden material ezberdinak, energia ekoizteko energia berriztagarriak eta beste hainbeste aukera ekologikoak erakutsiko dizkiote. Argazkian, azoka aurreko edizio batean / © Getxo.net.