Bihar, ostirala, Erandioko Lutxana auzoko jaiak hasiko dira. Arratsaldeko 7:30ean, festei hasiera emango diete ohiko txupinazoa dela medio. 20:30ean, berriz, pintxo dastaketa izango da bertara hurbilduko direnentzat. Behin sabela beteta, ordu eta erdi beranduago, 22:00etan, Lutxanako II. Kontzertu Jaialdiari ekingo diote. Hurrengo egunean, larunbatarekin, goizeko 11:30ean haurrentzako puzgarriak eta tailerrak izango dira. 15:00etan, ordea, herri bazkariaz gozatu ahal izango da. Eguna borobiltzeko, 18:30ean mozorro lehiaketa burutuko dute, mozorroak soinean ere afaltzeko, 21:30etik aurrera. Ondoren, gaua abiatzeko Dja eta superkaraokea izango dira, 22:00etan hasita. Azken egunean, igandean, haurrentzako puzgarriak eta tailerrak izango dira, aurreko egunean bezala, 11:30ean. Ordu bete beranduago, 12:30ean, Erandioko Udal Musika Banda arituko da auzoko kaleetan. 17:30ean, umeentzako jaialdia egingo dute eta ordu erdi beranduago, jaiei amaiera emateko, auzotarrek askaria eta txokolatada egingo dute. Argazkian, Erandioko Udal Musika Banda arituko da igandean.