Espainiako Auzitegi Nazionalak gaur plazaratutako
Bateragune auziko epaia salatu eta etzirako, astelehena, elkarretaratzeak deitu ditu Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak (ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiru sindikatuak). Ipar Uriberi dagokionez, kontzentrazioa eguerdian egingo dute, Neguriko epaitegien aurrean, Foru kalean. Leloa "Epaiketa politikorik ez. Eskubide guztiak guztiontzat!" izango da. Sindikatuek gogoratu dutenez, zigortutakoetako bat Rafa Diez da, LAB sindikatuaren idazkari nagusi ohia. Gainera, salatu dutenez, "zigortuek garatutako jarduera politikoa ezin da sistema demokratiko batean inor espetxeratzeko arrazoia izan". Hori dela eta, "Bateragune auzian epaitu eta zigortu dituztenak berehala eta baldintzarik gabe aska ditzatela" exijitu dute. Gehiengo sindikalak adierazi du "euskal gatazkaren konponbide demokratikoarekiko konpromisoa" berresten duela. Negurikoaz gain, besteak beste, Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta hainbat herrietako enpresetan izango dira protestak astelehenean. Bilbon, Plaza Eliptikoan egingo dute, eguerdian. Argazkian, pasa den uztailaren 5ean Algortan egindako Bateragune auziaren aurkako protesta.