Uribe Kostako 11 gazteen aurkako epaiketen oinarria tortura dela salatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2011ko ira. 16a, 23:44

Algorta, Getxo eta Berangoko hamaika gazte epaituko dituzte etzidamu, astelehena eta asteazkena bitartean Espainiako Auzitegi Nazionalean. Mikel de Gregorio, Joseba Elorriaga, Mikel Rekarte, Josu Rodriguez, Aner Mimenza, Lander Labajo, Txomin Gezuraga, Zigor Goikoetxea, Batxi Galdiz, Gorka Oribe eta oraindik orain espetxean dagoen Jon Rosales "erakunde terroristako kide" izatea eta "terrorismo delituak" egin izana egotzita auziperatu zituen Baltasar Garzon epaileak. Gaur emandako prentsaurrekoan "epaiketa inkomunikazio aldian torturen bidez eragindako autoinkulpazioetan oinarritzen" dela argi utzi du Joseba Elorriaga "Peski" Gazte1+ez! ekimeneko kide eta auziperatuak. Alfontso Aranguren Eleak ekimeneko kideak, berriz, epaiketaren aurkako mobilizazioetara deitu ditu. Astelehen, astearte eta asteazkenean elkarretaratzeak egingo dituzte Algortako Telletxe plazan, 20:00etan. Ostiralean, berriz, manifestazioa egingo dute leku beretik, 19:30ean. Argazkian, gaurko prentsaurrekoa.

Auziari Espainiako Polizia Nazionalaren Bilboko Informazio Brigada Probintzialak 2007ko urriaren 16an egindako atxiloketekin eman zitzaion hasiera. Hamaika auziperatuei kale borroka taldea osatu eta 2004tik 2007ko uztailera bitarteko hamar ekintza inguru leporatzen diete. Hiru ezik gainontzekoek espetxea ezagutu zuten eta egun ia lau urte beranduago fidantzapean aske dira. Epaiketa "inkomunikazio aldian torturen bidez eragindako autoinkulpazioetan oinarrituko dela" salatu zuen jada orduan Amnistiaren Aldeko Mugimenduak.

Joseba Elorriaga "Peski" Gazte1+ez! ekimeneko kide eta auziperatuaren deklarazioak (cc-publicdomain Etengabe)



Alfontso Aranguren Eleak ekimenaren deklarazioak (cc-publicdomain Etengabe)



Prentsaurrekoaren argazkiak



Deialdien kartela

6140802628_d955c10d31_b

Joseba Elorriaga "Peski" Gazte1+ez! ekimeneko kide eta auziperatuaren deklarazioak

2007 eta 2010 urteen artean, Euskal Herrian Polizia Espainolak urraturiko hainbat sarekada ezberdinetan, guztira 223 gazte atxilotuak izan ziren. Horietatik 141 espetxeratu zituzten eta hainbat eta hainbatek torturak salatu zituzten. Uribe Kostan, 2007ko urriaren 17an Algorta eta Berangoko 11 gazte atxilotuak izan ginen. Inkomunikatu gintuzten eta nahiz eta Garzonen torturen aurkako sasi-protokoloa aplikatu, epaileen aurrean torturak eta tratu txarrak salatu genituen.

Hiru izan ezik, gainontzekook espetxea ezagutu genuen eta gaur egun, lau urte pasa ondoren, fidantzapean aske gaudela, hurrengo astelehen, astearte eta asteazkenean Espainiako Auzitegi Nazionalean burutuko den epaiketan 7-14 urte bitarteko espetxe zigor eskaerei aurre egin beharko diegu.

Epaiketa inkomunikazio aldian torturen bidez eragindako autoinkulpazioetan oinarritzen da. Hainbat kale eraso eta ETAko kide izatea leporatzen digutelarik.

Egun, Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoari irtenbidea emateko espainiar Estatuari errepresioa alde batera uzteko eta prozesu demokratikoari bidea zabaltzeko hautua egitea eskatzen diogu.

Euskal gazteri libre eta legal baten alde, epaiketa politiko hauen abolizioa exijitzen dugu. Aski da! Utzi diezaiotela euskal gazteria kriminalizatzeari!

Alfontso Aranguren Eleak ekimenaren deklarazioak

Gaur berriz ere, herri honen eta zehazki bere gazteriaren kontrako beste gertakari ilun baten aurrean aurkitzen gara. Datorren astean, irailaren 19-20-21ean, Uribe Kostako 11 gazte epaituak izango dira Espainiako Entzutegi Nazionalean. Tamalez, ez da hau gazteriak pairatzen duen lehenengo erasoa. Aurretik Oarsoaldeko edo Iruñerriko gazteen kontra izandako epaiketak ez dira kasu isolatuak, hurrengo hilabeteetan ere ehundaka gazte izango baitdira epaituak euren lan politikoa aurrera eramateagatik, epaiketa hauen izaera poltikoa agerian utziz.

2007. urtean 11 gazte hauek atxilotuak eta torturatuak izan ziren. Praktika bortitz eta antidemokratiko hauen ondorioz, auziperatuen autoinkulpazioak lortu eta hauek epaiketa abiarazteko oinarri bakarra bilakatu dituzte. Gazte hauen jardun politikoa aurrera eramateak 6 eta 14 urteko gartzela zigorren aurrean kokatzen dituzte, milaka eurotako isunekin batera.

Euskal Herria fase berri batean sartua dagoela errealitate ukaezina da. Euskal jendarteak konponbidearen aldekotasuna behin eta berriz erakutsi izan du. Gazteriak ere, konponbide prozesu honen parte aktibo eta erabakitzailea da eta izaten jarraitu nahi du. Euskal Herriak baldintza demokratikoak exijitzen dituen bitartean, eskubide guztien aitortza ozen aldarrikatzen dituen bitartean, estatu espainolaren aldetik ukazioa baino ez du jasaten.

Gazteriak ere eskubide guztien errespetuan oinarrituko den egoera berria eraiki eta egonkortzeko indar garrantzitsua daukate, ondorengo belaunaldiek benetako demokrazian eta askatasunean bizitzeko hautua egina baitdauka.
Horregatik, ezinbestekoa da mota honetako epaiketak bertan behera uztea, eskubide guztien errespetua oinarri, gazteriak askatasun osoz lan egiteko aukera izan dezan, jazarpenaren mehatxua alboratu, eta eskubide guztiak bermatuak izango dituen gazteria baitda herri honek behar duena.
Eleak mugimendutik, hemen aurkitzen diren eragile guzti hauen atxikimenduarekin, euskal jendarteari dei egin nahi diogu epaiketa berri honen aurrean iniziatiba hartzera, mobilizatzera, gazteriaren eskubideen defentsan kalera ateratzera. Gure eskubideak ez direlako eman edo kendu daitezkeen zehozer, euskal herritarrok eta baita euskal gazteok ere berezkoa dauzkagun eskubideak baizik. Beraz epaiketa berri honen aurrean Irailaren 23an, Ostirala, arratsaldeko 19.30ean, gazteriaren defentsan eta eskubide guztien alde, Algortako Telletxe plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu nahi diegu herritar guztiei.

Gazteria delako Euskal Herriko oraina eta etorkizuna, defendatu ditzagun dagozkien eskubideak.

Euskal Gazteria Libre eta Legala! Gazte bat gehiago ez! Eskubide guztiak denontzat!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun