Jone Lozano Mirandak, Jon Rosales preso algortarraren neskalaguna den gatibu leitzarra, zein Aletxu Zobaran Arriola preso gorliztarrak gose grebari ekin diote haien espetxean den beste preso politiko bat espainaratu ez dezaten. Etengabek zabaldu duenez, Lozano eta Zobaran Lyon-Corbas espetxean dituzte eta bertako beste euskal gatibuek bezala protesta mugagabeari ekin zioten pasa den astearen hasieran Marixol Iparragirreri ezarri nahi dioten euroaginduaren aurka egiteko. Iparragirre aurreko asteartean pasa zen epailearen aurretik eta ostegunean eman behar zioten epaia atzeratu egin da. Hartara, gose grebak jarraitzen du euroagindua gelditzeko asmoarekin. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Zobaran, Lozano, Iparragirre eta espetxe hartako beste hiru euskal presoei idaztea eskatu die herritarrei. Era berean, Frantziako Estatuko abokatu generalari eta prokuradoreari euroaginduaren aurkako testua bidaltzea galdegin du errepresioaren kontrako erakundeak. Argazkian, Lyon-Corbas espetxea / © Frantziako Justizia Ministerioa.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!